Iraurgi Lantzenek eskualdeko enpresa sarearen mapa aurkeztu du, Valora egitasmoaren baitan. Mapa horren bitartez, Azkoitiko eta Azpeitiko industriguneetan dauden enpresen %95aren informazioa edota kokapena sarean jarri dute eskuragarri. Alazne Larrañaga Iraurgi Lantzeneko enpresa teknikariak jakinarazi duenez, «zerbitzuak bi herrietako enpresen izena ezagutarazteko eta interneten presentzia izateko» balioko du, besteak beste. Datorren hilabetean jarriko dute martxan aplikazio berria, www.iraurgilantzen.net webgunean. Zerbitzu horren bidez, erabiltzaileak enpresaren kokapena ez ezik, bestelako informazioa ere aurkitu ahal izango du; hala nola, industrigune bakoitzean zenbat enpresa dauden, zer jardunbide duten eta non dauden azalduko zaio. Horrez gain, ordea, enpresaren inguruko fitxa ere agertuko da, eta bertan, jardunbidea, telefonoa, kokapena, faxa, webgunea, GPStarako erabilgarriak diren UTM koordenadak edota ziurtagiria jakinarazten dituzte.
Informazioa «eguneratuta»
Larrañagaren arabera, zerbitzua «erabiltzeko erraza» izango da, eta bertako informazioa «eguneratuta» edukitzeko asmoa dute. Duela bi urte inguru hasi zen Larrañaga aplikazio hori sortzen, eta gaur egunera bitartean Azkoitiko eta Azpeitiko sektore guztietako 350 enpresen informazioak eta kokapenak txertatu ditu sarean. Hala ere, Larrañagak adierazi du zenbait enpresen presentzia falta dela; «kasu batzuetan, enpresak ez ditugu lokalizatu, edota lokalizatu baldin baditugu ere, ez dizkigute datuak ematerik nahi izan». Hori hala, «inork bere enpresa aurkitzen ez badu», Iraurgi Lantzeneko 943 85 12 00 telefonora deitzeko deia zabaldu die Larrañagak. Halaber, zerbitzua datorren urtean jarriko badute ere martxan, aurrera begira enpresek euren «prozesu produktiboa erakusten duten» bideoak txertatzea aurreikusten dute, eta zerbitzu osoa doakoa izango da.