Martuteneko presoentzat material bilketa martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2010ko abe. 9a, 16:57

Espetxe Pastoraltzak presoei laguntza emateko Gabonetako kanpaina martxan jarri du beste urte batez. Horretarako, gaurtik aurrera, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan Donostiako Martuteneko presondegira bidaltzeko material bilketa egingo dute elkarteko ki...

Espetxe Pastoraltzak presoei laguntza emateko Gabonetako kanpaina martxan jarri du beste urte batez. Horretarako, gaurtik aurrera, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan Donostiako Martuteneko presondegira bidaltzeko material bilketa egingo dute elkarteko kideek.

Espetxe Pastoraltzak kartzela horrekin “bat egin” du beste behin, eta “indarrean dagoen lege penitzentziarioaren ondorio kaltegarriak bigundu” nahian presoekiko “elkartasuna” adierazi dute. Hala, herritarrei kanpainan parte hartzeko deialdia luzatu diete.

Elkarteak aldez aurretik zehaztu ditu zer gauza eman dezaketen: galtzerdiak, tabako gorria, metxeroa, hortzak garbitzeko pasta eta hortz-eskuilak, pilak, turroia, kirol-oinetakoak, gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako barruko arropa berria, pin-ik gabeko telefono txartelak, kartazalak, xaboia, azkazalak mozteko tresnak eta kirol eta bainurako oinetakoak bilduko dituzte.

Azpeitian eta Zestoan parrokian bilduko dituzte material horiek, eta Azkoitian, berriz, parrokiko kantzelean jasoko dituzte gaiak. Herri horietan hilaren 16a baino lehen utzi daitezke materialak, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Herri horietan ez ezik, Aizarnazabalen ere jarri dute abian kanpaina. Aizarnazabalen, ordea, datorren asteburuan jasoko dituzte gauzak. Larunbatean, udaletxe azpira eraman daitezke, 12:00etatik 13:00etara bitartean. Igandean, berriz, meza ondoren jasoko dituzte eliz atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide