Gaur eguerdian banatu dituzte Azkoitiko udaletxean urtero Azkoitiko eta Azpeitiko udalek antolatzen duten argazki lehiaketako sariak. Ingurumena eta irisgarritasuna bezalako kontzeptuak aintzat hartuta, 2011ko egutegia aurkeztu dute. Valentin Garcia (motordun garraioa sailean), Luis Llavori Romatet (motorgabeko garraioa sailean), Juan Jose Agirre (irisgarritasun oztopoak sailean), Iñaki Aranburu (herribideak sailean), Jose Karlos Martin (hiribideak sailean) eta Iñigo Olarte (oinezkoentzako guneak sailean) izan dira garaileak, eta euren irudiekin osatu dute egutegia. Aurten aurreneko aldiz, sei gai eta sei irabazle egon dira, baina datorren urtean lehenera itzuliko dira. Sei gai jarriko dituzte, baina gai bakoitzean alde ona eta txarra erakutsi ahalko dute parte-hartzaileek, eta hamabi saridun egongo dira, beraz. Sei gaietatik bost zehaztu dituzte jada, hauek izango dira: paisaia, ibaia, baserria, animaliak eta basoa.