Larrañaga, Segurola eta Gurrutxaga, Ansa II.ari babesa agertu dioten erremontisten artean

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko abuztuaren 4a

Erremontista hainbat, ilaran, erremontea eskuetan.

Oriamendi 2010 enpresako hemezortzi erremontistak adierazpen bateratua kaleratu dute, Imanol Ansa Ansa II.a taldekideari babesa adierazteko. Izan ere, Banakako Txapelketatik kanpo utzi du enpresak kirolaria. Haren taldekideek erabakia ulertzea "zaila" egiten zaiela adierazi dute, eta duten "kezka eta desadostasuna" publikoki adierazteko beharra zutela azaldu.

Oriamendi 2010 enpresako hemezortzi erremontistak babesa agertu diote Banakako Txapelketatik kanpo utzi duten Imanol Ansa Ansa II.a taldekideari. Adierazpen bat plazaratu dute erremontista horiek, eta testua sinatu dutenen artean dira Iban Larrañaga azkoitiarra eta Beñat Segurola nahiz Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarrak.

Kirolariek adierazi dute "zaila" egiten zaiela Oriamendi 2010 enpresak hartutako erabakia ulertzea, eta babesa agertu diote Ansa II.ari. Gainera, erremontearen aldeko aldarria egin dute horiek, eta urak bere bidera ekartzeko deia egin ere bai: "Oraindik garaiz gabiltza egoera konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezan". Halaber, duten "kezka eta desadostasuna" publikoki adierazteko beharra zutela azaldu dute.

Ansari "babes osoa" adierazi diote dozenatik gora erremontistek, eta gertatutakoaren aurrean "alde guztien azalpenak" entzuda, isilik ezin dutela gelditu azaldu dute. "Gure ustez, gatazka hau aspaldi joan da hasierako arrazoitik haratago. Hasieran aldi baterako neurri bat zirudiena, praktikan, gure lankide baten kirol ibilbidea baldintzatzen ari den egoera bihurtu da. Hilabeteko zigorra bete ostean, nahikoa ez balitz bezala, Banakako Txapelketatik kanpo utzi dute Ansa II.a. Horrek pentsarazi digu gatazka honek kirol esparrua gainditu egin duela, eta hartutako erabakiek Imanol Ansaren ibilbide profesionalari kalte egiten diotela".

Gainera, haiek adierazi dute Ansa II.ak Oriamendi enpresari barkamena eskatu diola, bere erabakiren batek enpresaren antolakuntzan eragozpenik edo kalterik eragin badu. Haien arabera, keinu horrek erakusten du "egoera bideratzeko borondatea" izan duela. Pilotariek esan dute une oro "errespetuz eta era erakitzailean" jokatu dutela, eta enpresarekin bilerak egiteaz gain, idatzi bateratuak ere bidali dizkiela ordezkariei. Horren aurrean, baina, beren iritzia ez dela kontuan hartu sentitzen dutela esan dute. 

Bestalde, Ansa II.ak urteotan erremontearen alde egin duen lana goraipatu dute: "Kirolari bikaina izateaz gain, afizionatuak borondatez entrenatu ditu, bisita gidatuak egin ditu hainbat hizkuntzatan, kantxako mantentze lanetan ere parte hartu du, materiala hobetzeko lan egin du eta hobekuntza horiek pilotari guztien eskura jarri ditu". Horrez gain, askorentzat "eredua eta laguna" izan dela azpimarratu dute, eta interes komunak lehenetsita erremontearen etorkizuna sustatzen etengabe jardun duela adierazi. 

Adierazpena sinatu duten pilotariak honako hauek dira: Iban Larrañaga, Urtzi Gurrutxaga, Beñat Segurola, Aitor Aiestaran, Paulo Aiestaran, Kemen Aldabe, Mattin Arluziaga, Xabier Azpiroz, Julen Deskarga, Aritz Eskudero, Josetxo Ezkurra, Ander Goikoetxea, Joseba Goikoetxea, Jon Irazu, Aimar Jabalera, Imanol de Rueda Martixpe, Ugaitz Susperregi eta Jokin Ugarte. 

Banakako Txapelketan, berriz, Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea pilotariak –iazko garaileak– ariko dira, eta haiekin batera, Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Iban Larrañaga eta Kemen Aldabe. Lehia hori ostegunean aurkeztuko dute. 

Oriamendiren bukaera

Ansa II.arekin gertatu denaz aparte, erremontearen etorkizunari ere erraparatu diote kirolariek. Izan ere, Oriamendi 2010 enpresak aurtengo urtea bukatzearekin utziko du jarduna. Adierazpena sinatu duten erremontistek esan dutenez, "funtsezkoa" da gatazka konpontzea eta enpresaren jardunari denen artean amaiera "duina eta bateratua" ematea. Dena den, azken erabakiak eta gatazkak kudeatzeko moduak "giroa okertu" egin duela esan dute: "Pilotarioi zuzenean eragin digute eta erremonteari kalte egiten ari dira".

Haien hitzetan, Ansa II.a ez ezik, erremonte osoa ari da galtzen: pilotariak, zaleak eta modalitatea bera. "Zaila egiten zaigu ulertzea urte luzez erremontearen alde dena eman duen pilotari batek, enpresak ezarritako epea bete ondoren, urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko aukerarik ez izatea". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide