Orioko kanpina eta Azpeitiko hainbat txoko, 'Go!azen'-en bideoklip berriaren irudien artean

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko uztailaren 9a

Go!azen telesailaren 13. denboraldiaren atarian, Bart bideoklipa kaleratu du EITBk, eta aktoreak, besteak beste, Orioko kanpineko igerilekuan zein Azpeitiko Ekoetxean ageri dira kantuan eta dantzan. 

ETB1 kateak laster estreinatuko du Go!azen telesailaren 13. denboraldia, eta sasoi berriaren atarian, Bart bideoklipa kaleratu du. Datorren denboraldian agertuko diren pertsonaia berriak eta dagoeneko aski ezagunak bihurtu direnak kantuan eta dantzan ikus daitezke bideoklip horretan, Orioko kanpinean zein Azpeitiko hainbat txokotan; izan ere, Orioko kanpineko igerilekuetan zein Azpeitiko Ekoetxearen atarian, skate parkean eta Nuarbeko Ibai Eder urtegian grabatutakoak dira bideoaren sekuentzia nagusiak. 

Iker Lauroba musikariak konposatu du Bart bideoklipa, eta Go!azeneko honako aktore hauek jarri dute ahotsa: Nerea Elizalde (Garazi), Jon Alonso (Roke), Ander Aierza (Bosko), Irati Marin (Izar), Adriana Sanchez (Alaia), Ainhoa Tabuyo (Karla), Leire Nuñez (Maren), Julen Taboada (Joritz), Maren Alonso (Ilargi), Ane Sarasua (Kaia) eta Gaizka Fernandez (Luka).

Kontzertuak azaroan

Bestalde, azaroaren 29an, igandez, eskainiko dituzte Go!azeneko kideek kontzertuak; bi saio izango dira, 16:00etan aurrena eta 19:00etan bigarrena, eta  emanaldi horietarako sarrerak eros daitezke dagoeneko Kulturaz kooperatibaren webgunean, hamabi eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide