San Juan baleontziko sukaldea piztu du Aitor Arregi getariarrak

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko ekainaren 12a

Aitor Arregi, baleontziko sukaldea pizten, Xabier Agoteren begiradapean. (Albaola)

Lehendabizikoz piztu dute Albaolan egindako baleontziko sukaldea, eta Getariako Elkano jatetxeko arduradun Aitor Arregik izan da horren ohorea. 

Aurrera doaz Pasaia aldean San Juan baleontzia eraikitzeko lanak. Pasa den Pasaia Itsas Festibalean ehunka bisitari izan eta gero, barne ekipamendua osatzeko lanei ekin zioten, eta horren barruan garrantzia berezia izan du sukaldeak. "Elikagaiak prestatzeko gunea baino askoz gehiago zen sukaldea, itsasontziko bizitzaren erdigune nagusienetako bat, ezinbesteko lekua ozeanoetako espedizio luze horiei eusteko eta duela lau mende baino gehiago Atlantikoa zeharkatzen zuten euskal baleazaleen egunerokotasuna ulertzeko", azaldu dute Albaolako kideek.

Belaontziko sukaldea martxan jartzea San Juanen eraikuntzaren beste mugarri bat bezala definitu dute, eta horretarako "aitabitxi aparta" aurkitu du Albaolak, Getariako Elkano jatetxeko arduradun Aitor Arregi, hain zuzen ere. Arregik Elkano jatetxetik eramandako sua zeraman kriseilu batean piztuta, eta gar hori erabili du sukaldea lehendabizikoz pizteko. "Keinu horrek gaur egungo euskal gastronomia- tradizioaren eta XVI. mendeko ozeanoetako ontzi handietan garatzen zen eguneroko bizimoduaren arteko lotura sinbolizatu nahi izan du", nabarmendu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide