Baskoniak Israelgo bi talderen aurka jokatuko dituen partidak bertan behera uzteko eskatu dute kirol arloko hainbat lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko martxoaren 26a

Herritar bat Palestinako bandera astintzen.

Eskualdeko hainbat kirolarik eta kirol kazetarik sinatu dute Maccabiren eta Apoelen aurkako partidak bertan behera uztea eskatzeko idatzitako testua. Neurketa horien aurrean "zeresana" duten erakundeei zuzendu dira, halaber. Bihar jokatuko dute lehen partida, ateak itxita; Baskoniak Maccabi hartuko du Buesa Arenan.

Baskoniak Tel Aviveko (Israel) Maccabi eta Apoel taldeen aurka jokatuko du bihar, ostirala, eta apirilaren 7an, hurrenez hurren, Gasteizko Buesa Arenan, eta Euskal Herriko hainbat kirolarik eta kirol kazetarik partida horiek bertan behera uzteko eskatu dute testu baten bidez, tartean eskualdeko hainbatek. Hain zuzen ere, partida horien aurrean "zeresana" duten erakundeei zuzendu dira, hala nola Eusko Jaurlaritzari, Arabako Aldundiari, Gasteizko Udalari, Baskoniari nahiz Euroligari.

Testua sinatu duten herritarren artean dira Koldo Aldalur, Jagoba Beobide, Mikel Aranburu, Alex Txikon, Aitor Zubizarreta, Ibon Guridi, Xabi Oroz, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa. Haien hitzetan, gisa horretako kirol egitasmoek Israel nazioartean "normalizatu" egiten dutela zehaztu dute, eta horregatik jo dute garrantzitsutzat halakoak saihestea, Israelen aurkako presioa handitzen laguntzen dutelako.

Halaber, Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioa deitu du biharko Gasteizen, eta Baskoniak duela bi egun partidak ateak itxita jokatuko dituztela adierazi zuen arren, manifestazioarekin aurrera jarraituko dute, partidak bertan behera uztea eskatzeko. Gainera, Israelekin era guztietako harremanak moztu arte borrokan jarraitzeko deia egin du plataformak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide