Kaia jatetxeko Igor Arregik parte hartu du Gipuzkoako Afari Solidarioaren prestaketan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025eko azaroaren 25a

Afari Solidarioa egitasmoko ordezkariak –ezkerretik aurrena da Igor Arregi–, bildutako diruaren txekearekin. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Casa Julianeko Xabier Gorrotxategirekin eta Zelai Txikiko Juan Carlos Carorekin batera prestatu zuen afaria atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Afariaren bidez 44.485 euro bildu zituzten, eta zenbateko hori Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko dute.

Getariako Kaia jatetxeko Igor Arregi sukaldaria arduratu da, Casa Julianeko Xabier Gorrotxategirekin eta Zelai Txikiko Juan Carlos Carorekin batera, aurtengo Afari Solidarioa prestatzeaz. Mahai Kolektiboako kideak dira sukaldari horiek, eta menu bat osatu zuten atzo, Basque Culinary Centerren laguntzarekin.

Afariaren bidez 44.485 euro bildu zituzten, eta zenbateko hori Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak Basque Culinary Centerrekin eta Mahai Kolektiboarekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan. Afariaren bosgarren edizioa Donostian egin zuten, Basque Culinary Centerren egoitzan. 

Bi helbururekin sortu zuten Afari Solidarioa egitasmoa; batetik, hondakinak alferrik galtzeaz sentsibilizatzeko; eta bestetik, familia kalteberei laguntzeko sarea indartzea. Aldundiak zehaztu duenez, gaur-gaurkoz 15.111 pertsona artatzen dituzte Elikagai Bankuan, 2024an baino gutxiago –17.202 pertsona ziren orduan–, eta erakundearen arabera, horrek esan nahi du lurraldearen egoera sozioekonomikoa "hobetu" egin dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide