Orioko, Zarauzko eta Errezilgo irudiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026ko egutegian

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025eko azaroaren 17a

Saritutako argazkien egileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.

Aldundiak datorren urteko egutegia osatzeko irudi lehiaketa egin du, eta datorren urteko lau hilabetetako argazkiak eskualdekoak izango dira: martxoko irudia Josu Vargasek Orion, uztailekoa Jose Antonio Valorrek Zarautzen, irailekoa Jaione Uzkianok Orion eta azarokoa Juan Carlos Gilek Errezilen ateratakoak izango dira. Joserra Txintxurreta oñatiarrak irabazi du lehiaketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak osatu du 2026ko egutegia, eta Urola Kostako lau irudi jaso dituzte datorren urteko argitalpenean. Hain zuzen ere, Orioko bi argazkik, Errezilgo batek eta Zarauzko batek izango dute lekua egutegian. Zehazki, martxoko irudia Josu Vargasek Orion, uztailekoa Jose Antonio Valorrek Zarautzen, irailekoa Jaione Uzkianok Orion eta azarokoa Juan Carlos Gilek Errezilen ateratakoak izango dira.

Egutegia osatzeko lehiaketara 1.073 argazki aurkeztu dituzte herritarrek, eta aldundiak esan duenez, orain arteko parte hartzerik handiena izan du egitasmoak aurten. Azken urteetako gisan, abenduaren hasieran banatuko dituzte egutegiak, Gipuzkoako hainbat lekutan; erakundeak aurrerago zehaztuko ditu banaketa orduak eta lekuak.

Azala Joserra Txintxurreta oñatiarrarena izango da, artalde bat, artzain bat eta haren txakurra ageri diren irudiari esker. Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkatreko kideek osatutako paimahaiaren arabera, ingurumenaren zaintzaren kultura, ondo egindako lana eta komunitate bizitza irudikatzen ditu argazkiak, eta horrek bat egiten du aurtengo lehiaketaren Ekin. Zaindu. Bizi leloarekin.

Gainera, azaleko argazkiak gain, beste hamabi irudi ere hautatu dituzte, kostaldeko eta barnealdeko eszenak, ogibide tradizionalak, artisau lanbideak, paisaia naturalak, kirol praktikak eta kultur ekitaldiak jasotzen dituztenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide