Joan zen ostiralean Armeniako Aragats mendian izan zen Jon Artano kazetari zestoarra, eta, EITBk azaldu duenez, harriduraz hartu zuen atzo hango erreskate zerbitzuen deia: istripua izan al zuten galdetu zioten Artanori. Gerora jakin zuen kazetariak bederatzi kataluniarrek istripua izan zutela.
Antza, Armeniako erreskate zerbitzuek bazekiten Artano eta haren lagunak Aragatsera igotzekoak zirela, baina deia jasotzerako egina zuten 4.090 metroko garaiera duen mendira igoera. Ez zuten zorte bera izan Armeniako mendirik altuenera igo ziren bederatzi mendizale kataluniarrek: elur jausi batek harrapatu zituen, eta horietako bat hil egin zen.