Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote eskualdeko hainbat musikarik eta taldek

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025ko ots. 9a, 09:00

Raimundo el Canastero taldeko kideak.

Raimundo el Canastero musika taldeko kideak epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte datorren asteazkenerako. Iazko Lizarrako jaietan txosnagunea lekuz aldatzea erabaki zuen udalak, eta erabaki horren aurka kaleratutako abesti bat tarteko deitu dituzte taldekideak auzitegira. Ehunka musikarik eta taldek eman diote babesa Raimundo el Canasterori; tartean, eskualdeko hainbatek.

Raimundo el Canastero musika taldeko kideak epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte datorren asteazkenerako, otsailaren 12rako. Iazko Lizarrako (Nafarroa) festetan udalak txosnagunea lekuz mugitu nahi zuela-eta erakunde horren jarrera salatzeko taldeak kaleratu zuen Beef D'Alda abestia tarteko joan beharko dute musikariek epailearen aurrean deklaratzera.

Hain zuzen ere, abesti hartan UPNko Lizarrako alkate Maite Ruiz de Aldari kritika egin zion taldeak, umorea, kritika eta ironia baliatuta. Udal Gobernuaren ustez, baina, alkateari heriotza mehatxua egin zioten kantaren bidez, eta ondorioz, gorroto delitua egitea egotzi zion taldeari.

Epaiketaren atarian, Euskal Herriko ehunka musikarik babesa eta elkartasuna adierazi dizkiote Raimundo el Canastero taldeari. Testua sinatu dutenen artean dira eskualdeko hainbat musikari eta talde: Anari, Eñaut Elorrieta, Istilu, Ezpalak, Makala, UKbil, Rodeo, The Fridays Crew eta Ke Lepo. Sinatzaileen aburuz, musika kritika sozial eta politikorako erreminta "indartsua" da, eta musikariek uste dute hori egiteko "ardura eta betebeharra" dutela.

Gainera, ez dira Raimundo el Canastero taldekoak azken boladan epailearen aurrera deitu dituzten musikari bakarrak. Izan ere, gogorarazi dute Yakovlev 42 taldekoak deklaratzera deitu zituztela iaz, eta duela bi urte Black Marfil rapero iruindarrari espetxe zigorra ezarri ziotela. "Ohiko ari dira bihurtzen musikarien aurkako horrelako jokabideak. Kasu horiek guztiak adierazpen askatasunaren kontrako erasoak dira, eta zilegi da musikaren bidez instituzioak eta boterea kritikatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide