Euskal Herriko Musika Bulegoak, euskal artistek eta taldeek ekoitzitako musika panoramako proiektu esanguratsuenak aintzatesten ditu. Aurtengoan 49 artista zein talde izan dira Musika Bulego Sarietarako izendatuak, tartean, eskualdeko lau artistaren lanak: Mikel Iraeta azkoitiarraren Zatibi proiektuaren Odd diskoa, Intza oriotarraren Aheri lana, Akaleia zumaiarraren Ondoloin lana, eta Jon Maia Soriaren Kantu berri bat gara proiektua.
Musika Bulego Sarietarako botoa emateko aukera zabaldu dute jada, eta hemen eman ahal izango da. Bozketaren fasea maiatzaren 6an, astelehenez, itxiko da, 23:59an. Une horretan boto gehien jaso dituen hautagaitzak irabaziko du Publikoaren Saria, eta irabazlea gainerako sarituekin batera iragarriko dute maiatzaren 15ean Iruñeko Zentral aretoan egingo den gala berezian.
Egun horretan, guztira hamar sari banatuko dituzte, eta horietako zortzi kultura sektoreko izen handiko profesionalek osatzen duten epaimahai batek banatuko ditu. Sari bakoitza 2.000 eurokoa izango da eta, horrez gain, sarituek Fernando Mikelarenaren eskultura bat ere jasoko dute.