Aizarnazabalgo Larraxko baserriko Roxaito txerriak arreta guztia bereganatu du gaur, asteazkena, Donostiako Santo Tomas egunean. Urtebete du txerriak eta 200 kilo pisatzen ditu . Goizean goizetik, haurrek, gazteek eta helduek ez diote begirik kendu ere egin Donostiako Konstituzio plazan dagoen txerriari.
Orain arte, Leitzako (Nafarroa) Kristina Saralegik hazten zituen Santo Tomas egunean Donostiara ekartzeko txerriak, baina haren heriotzaren ostean, Basatxerri kooperatibak jaso zuen horretarako proposamena. Kooperatibako ekoizpen arduraduna eta Larraxko baserrikoa da Manuel Eizagirre, eta hark hazi du Roxaito.