Jon Olaizola azpeitiarraren argazki bat National Geographicen #TuFotoNatGeo atalerako hautatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2022ko aza. 15a, 14:52

National Geographicek aukeratu duen argazkia. (Jon Olaizola)

Jon Olaizolak Gaztelugatxeri ateratako argazkia #TuFotoNatGeo atalerako aukeratu du National Geographic aldizkariak. Azaroaren 5etik eta 11ra bitartean Espainian egindako hamar argazki onenen artean izendatu dute, eta "oso pozik" hartu du berria azpeitiarrak. 

Jon Olaizola azpeitiarrak egindako argazki bat National Geographic aldizkariko #TuFotoNatGeo atalerako hautatu dute. Naturarekin zerikusia duten eta Instagramen argitaratutako argazkiei #TuFotoNatGeo hashtaga jarrita, lehia batean parte hartzeko aukera dute hala nahi dutenek. Hashtag horren bidez jasotzen dituzten argazkien artean, aukeraketa egiten dute astero National Geographic aldizkarikoek; ehunka argazki jasotzen dituzte, eta horietatik hamar onenak izan direnak aukeratzen dituzte. Astero, beren webgunean jarri ohi dituzte Espainian egindako asteko hamar argazki onenak, eta Olaizolaren argazki bat dago azaroaren 5 eta 11 arteko irudi onenen zerrendan. Hain zuzen ere, Gaztelugatxe (Bizkaia) ageri da argazkian. 

Astero hamar argazki aukeratuta, 40 argazki bildu ohi dituzte hilero, eta hilabete bukaeran, horietatik bat aukeratzen du epaimahaiak. Aukeratutako argazki hori aldizkari fisikoan argitaratu ohi dute, afizionatuen artean egindako hilabeteko argazki onena izendatuta. Olaizolak azaldu duenez, "amets bat" izango litzateke bere argazkia aldizkari fisikorako aukeratzea, baina badaki hori lortzea "oso zaila" izango dela. Hark esan duenez, "oso pozik" dago Gaztelugatxeko argazkia asteko hamar onenen artean hautatu dutelako; izan ere, jende askok parte hartu ohi du lehian. Hilabete honen bukaeran jakingo du zein izan den 40 argazki horien artean hautatua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide