HARA! Prezipitazio gehien Matxinbentan erregistratu zituen atzo Euskalmetek

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2022ko ira. 13a, 15:52

Ordubetean 16,6 l/m2 pilatu ziren atzo Matxinbentako estazioan. Ibai Ederren ere antzerako kopurua erregistratu dute: 16,4 l/m2. Oraindik ere aktibatuta du Euskalmetek abisu horia, euriteengatik.

Euskalmetek abisu horia ezarri zuen euriteengatik atzo, astelehena, eta 20:30 inguruan ugariak izan ziren prezipitazioak hainbat txokotan. Euskalmetek jakinarazi duenez, prezipitazio gehien Matxinbentako estazioan erregistratu zituzten atzo arratsaldean; hain zuzen ere, ordubetean 16,6 l/m2. Ibai Ederreko estazioan ere antzerako datuak hauteman zituzten: 16,4 l/m2 ordubetean.

Orduz orduko prezipitazioari erreparatuta, 20:30 inguruan erregistratu zen Matxinbentan prezipitazio kopururik handiena: 7,5 l/m2. Ibai Ederren, berriz, 9,5 l/m2 izan ziren 20:40ean.

Euskalmetek oraindik ere aktibatuta du abisu horia, eta prezipitazio mardulak espero dituzte hainbat txokotan gaur, asteartea, 15:00etatik gauerdira bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide