HARA! Ainhoa Bereziartua eta Xuban Peña azpeitiarrak, ETB1eko 'Naufragoak' saio berrian

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2022ko ira. 7a, 17:49

Irailaren 27an estreinatuko dute 'Naufragoak' telebista saio berria, eta Ainhoa Bereziartua eta Xuban Peña lehengusu-lehengusinek parte hartuko dute han. Kariben girotutako 'reality' formako programa izango da, eta bikoteka lehiatuko dira.

EITBk Naufragoak telebista saio berria aurkeztu du gaur, Gasteizko FesTVal telebista jaialdian. Kariben girotutako reality formako programa izango da, El Conquistador del Caribe saioaren sortzaileek egina –Hostoil Produkzioak da ekoiztetxea–. Bikoteka antolatu dute saioa, eta guztira, bederatzi bikotek parte hartuko dute realityan. Horien artean izango dira bi herritar: Ainhoa Bereziartua eta Xuban Peña lehengusu-lehengusinak, hain zuzen ere.

Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute saio berria. Parte hartzaileek proba gogorrak gainditu beharko dituzte Karibeko zazpi irlatan banatuta, realityan aurrera jarraituko baldin badute. Programa irabazten duenak, gainera, 20.000 euroko saria eskuratuko du. Saioaren sustatzaileek azaldu dutenez, ETB1en denboraldi honetako "apustu handienetakoa" da Naufragoak.

Udan grabatu zuten abentura, eta gaur jakinarazi dutenez, irailaren 27an, asteartea, estreinatuko dute. Gainera, gaur, 19:30ean, saioaren aurrestreinaldia egingo dute Gasteizko Principal antzokian, eta han bilduko dira abentura berrian parte hartuko duten protagonistak; tartean izango da bikote azpeitiarra ere.

Saioa astearte gauetan izango da ikusgai ETB1en eta Eitb.eus-en, baina astelehen, astearte eta asteazkenetan, hamabost minutuko saio bereziak emango dituzte eguerdiko albistegiaren ondoren. Halaber, reality berriak tarte berezia izango du Biba zuek! saioan.

Bikote azpeitiarraren castingeko bideoa da honako hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide