Jokin Errasti azkoitiarrak pilota-esatari lana utziko du

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2019ko abu. 2a, 00:00

San Mateo torneoko finalean arituko da azken aldiz, El Diario Vasco egunkariak dakarrenez.

Jokin Errastik (Azkoitia, 1966) ez du jarraituko ETBko pilota-esatari lanean, datorren irailetik aurrera. 2007an hasi zen zeregin horretan pilotari ohia, eta irailaren 28an azken emanaldia egingo du azkoitiarrak, San Mateo torneoan, Logroñoko (Espainia) Adarraga pilotalekuan. El Diario Vasco-ren arabera, erabakia ez da ofiziala oraingoz, baina antza pilotariak dei bat jaso du ez duela lan horretan jarraituko esanez. 

Josetxo Lizartzarekin batera hasi zuen esatari ibilbidea Errastik. Bainet ekoiztetxearekin hamabi urtez aritu da lanean, hainbat telebista katerentzako pilota emanaldiak eskaintzen, hala nola Euskal Telebista, Tele 5 eta Nitro kateentzako.

Pilotari gisa ere ibilbide oparoa egindakoa da; besteak beste, binakako txapelketa irabazi zuen 1998an Mikel Unanue aurrelariarekin batera. 2006ko abenduan jokatu zuen azken partida ofiziala Tolosako Beotibarren.

Bestalde, Joxean Tolosa izango da esatari lanak datorren irailean utziko dituen beste aurpegi ezaguna, 24 urteren ondoren. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide