HARA! Alaia Juaristi, Olinpiar Jokoen atarian Basque Teamek egindako bideoan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2022ko ots. 2a, 11:34

Ostiralean hasiko dira neguko Olinpiar Jokoak Pekinen, eta Basque Team fundazioa askotariko kirolei buruzko ikus-entzunezkoak egiten ari da asteon. Iraupen eskiari buruzkoa da horietako bat, eta Imanol Rojo jokoetan izango den eskiatzailea da protagonista, baita haren anaia Joseba Rojo entrenatzailea eta Alaia Juaristi nahiz Pello Añarbe eskiatzaile gazteak ere.

Ostiralean hasiko dira neguko Olinpiar Jokoak Pekinen, eta Basque Team fundazioa askotariko kirolei buruzko ikus-entzunezkoak egiten ari da asteon, aurtengo jokoetan izango diren euskal kirolariei ahotsa emateko xedez. Iraupen eskiari buruzkoa da horietako bat, Iraun dezan izenburupean egin dutena eta Imanol Rojo eskiatzailea protagonista duena; izan ere, Basque Teameko kidea eta bekaduna da Rojo eta aurten hirugarrenez parte hartuko du neguko Olinpiar Jokoetan.

Bideo horretan, baina, beste bi eskiatzailek ere parte hartu dute: Alaia Juaristi azpeitiarrak eta Pello Añarbek, Neguko Kiroletako Euskal Federazioak eta Basque Teameko martxan jarri duten bikaintasun proiektuko kideak baitira. Rojok urteotan egin duen bideaz ez ezik, aurtengo denboraldirako dituzten asmoez nahiz orain arte bizi izandako esperientziez aritu dira solasean bi kirolariak, baita haien entrenatzaile Joseba Rojo –Imanol Rojoren anaia– ere.

Rojo anaiek eta bi eskiatzaile gaztetxoek harreman estua dute; izan ere, duela lau urte sortu zuen Josebak Rojo Teknfikazio Eskola, eta hango partaide dira Juaristi eta Añarbe. Entrenatzaileak hala esan du ibilbidearen zati bat berarekin gauzatu duten bi kirolari gazteez: "Hiru urte hauetan aurrerapauso handia egin dute biek, eta gorenera iristeko aukera handiak dituzte".

Ildo beretik hitz egin du Imanol Rojo eskiatzaileak ere: "Orain jokoetan pentsatzen ari naiz, baina ikusiko dugu gero nola joaten diren datozen urteak; izan ere, hau hasiera izatea nahi dut. Ea nik uzten dudanean Alaiak edo Pellok Olinpiar Joko batzuetara joateko aukera duten".

Juaristik ere hartu du hitza ikus-entzunezkoan, eta aurtengo denboraldian podium batean sartzea nahi duela adierazi du, nahiz eta "espektatibak egitea" ez zaiola gustatzen aitortu duen: "Izugarrizko denboraldia egin nahi dut, ahal dudan ondoen aritu eta ahal ditudan denbora onenak eskuratu". Hark Rojo eskiatzaileaz ere hitz egin du, eta azaldu du "meritu ikaragarria" duela euskal herritar bat Olinpiar Jokoetara iristeak. "Imanolek sakrifizio handia egin du, baina emaitzak iritsi zaizkio, eta uste dut merezi izan duela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide