Euskal Herri osoko ehun lagunek herri adierazpena egin zuten larunbatean Arantzazun (Gipuzkoa). Gure Eskuk sustatu du egitasmoa, burujabetasunaren aldeko aldarria plazaratzeko helburuz. Sinatzaileen artean dira, Samara Velte kazetaria, Amancay Gaztañaga aktorea, Iratxe Esnaola unibertsitateko irakaslea, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea eta Mirene Begiristain ikerlari eta irakaslea.
Gure Eskuk azaldu duenez, Euskal Herriko gehiengo soziala ordezkatzen duten pertsonengana jo dute, haien bidez herritarren borondatea edo herri gogora ikusarazteko. Hain zuzen ere, adierazpenaren sinatzaileek "prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra" azpimarratu dute, eta horretarako konpromisoa erakutsi ere bai. .
Euskal herritarrek "gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea" dutela aldarrikatu dute.
"Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Horrenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak". Pilar Kaltzadak eta Andoni Aizpuruk irakurri zuten adierazpena, eta "herriari hitza emateko garaia edo herritarrek hitza hartzekoa" dela esan zuten horiek.