HARA! Irailaren 3an estreinatuko dute Iñigo Aranbarrik parte hartu duen 'Nora' filma

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2021ko abu. 27a, 15:02

Donostiako Zinemaldian eman zuten iaz Lara Izagirrek zuzendutako filma, eta irailaren 3an estreinatuko dute, Iruñean. Aktore azkoitiarrak bigarren mailako pertsonaia bat hezurmamitzen du filmean.

Lara Izagirre zinema zuzendariak Nora filma estreinatuko du irailaren 3an, ostirala, Iruñean, eta Iñigo Aranbarri azkoitiarra da filmean parte hartu duen aktoreetako bat. Nora Donostiako Zinemaldian eman zuten iaz, eta hilaren 3an Iruñean estreinatu ostean, Euskal Herriko zinema aretoetan emango dute ikus-entzunezkoa. Heriotzaren osteko doluaren prozesuan Norak egindako bidaia islatzen du filmak, eta Iñigo Aranbarrik bigarren mailako pertsonaia bat hezurmamitzen du bertan. Ane Pikazak antzeztu du protagonistaren rola, eta beste hainbat aktore ezagunek ere parte hartu dute; esaterako, Amaia Aberasturik, Itziar Ituñok eta Kepa Errastik.

Berria egunkariak erreportajea gauzatu du filmaren inguruan, eta bertan Izagirre zuzendariak azaltzen duenez, aktoreen hautaprobetan Aranbarrirena izan zen "zailena". Hasiera batean, Aranbarrik antzezten duen pertsonaia gizon harroputz eta andrezale bat zen. Hortik abiatuta, pertsonaiak "zalantzak" sortzen zizkion. Hortaz, pertsonaia hori garatu eta hasierako ideiari buelta ematea zailena izan da, azaldu duenez: "Ahalik eta errespetutsuena den pertsonaia sortu nahi genuen; batez ere, beharrak entzuten zituena".

Honako lotura honetan irakur daiteke Berria egunkarian Nora filmaren inguruan egindako erreportajea, osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide