Aurten 40 urte dira Realak Espainiako lehen liga irabazi zuela. Biharko egunez, 1981eko apirilaren 26an, irabazi zuen titulua talde txuri-urdinak, eta klubak Gol de la Real izeneko ikus-entzunezkoa egin du orduan bizi izandako guztia gogoratzeko.
Talde hartako kide zen Juan Antonio Larrañaga futbolari azpeitiarra, eta dokumentalean ere parte hartu du. Besteak beste, elkarrizketak, irudiak, zaletuen eta protagonisten testigantzak eta abar jaso ditu Realak lanean, eta joan zen ostiralean estreinatu zuten Donostiako Tabakaleran. Han izan ziren talde hura osatu zuten hainbat jokalari, tartean Larrañaga.