Argazkiak ateratzeaz gain, kronika ere bidali Arkamurkako Eneko Azkuek:
"Larunbat arratsalde grisa, euria aspaldiko partez. Itsasoa epel, hori bai, irailean eguna moztu arren itsasoa bainurako zoragarria mantentzen baita. Itsasoari so, eta halako batean, ustekabean bi turista dotore, hegan, itsasotik hondartzara, Argiñano parera: falmenkoak!
Lirain, dotore, dantzan, hanka luze horien gainean. Urduri, kurioso, moko luze eta okerrak bistaratuz. Abisua whassapez hori ikusteko suertea izan zutenengandik: "2 flamenko oraintxe Argiñano parean!! Iñurritza aldera doaz”. Mezua jaso bezain pronto, kamera hartu eta korrika haruntz, gertaera hori ezin baitzen galdu. Flamenkoak Iñurritzan!
Pasean datoz iparretik hegorako migrazioan, badakigu, astean zehar Txingudin ez ezik, kostaldeko beste hainbat herritatik ikusiak baitzituzten. Baina, Iñurritzan gelditu egin ziren, arnasa hartzeko tartea hartzea erabaki zuten, inguru hori aukeratu zuten, argazkiak ateratzeko beta eskainiz. Lehendabiziko zita da, aurretik ez da halakorik ikusi, edo ikusi bada, ez da jaso.
Zergatik aurten? Goizegi da galdera horri erantzuna emateko, baina larunbat euritsuan hondartzan zegoen bakeak izango zuen eragina ... Iñurritza handia da bere txikitasunean; hor daukagun altxorra behar bezala zaintzen badugu, hamaika ikusteko gaude oraindik. Gure esku dago hein handi batean. Zeinek esan, flamenkoak Zarautzen!".