HARA! 'Gernikako arbola' Euskal Herriko ereserki bilakatzea eskatu du hainbat musikarik

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2020ko abu. 12a, 16:58

Eskaerarekin bat egin duten musikarien artean dira Eñaut Elorrieta Getariako bizilaguna, Mikel Markez Aiako bizilaguna, Xabier Saldias azpeitiarra eta Javier Alberdi Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendaria.

Jose Mari Iparragirrek 1853an sortutako Gernikako arbola abestia Euskal Herriko ereserki bilakatzea eskatu dute hainbat musikarik. Eskaera hori jasotzen duen eta 80 bat musikarik sinatu duten manifestua gaur aurkeztu dute Iruñean, eta eskaerarekin bat egin duten musikarien artean dira Eñaut Elorrieta Getariako bizilaguna, Mikel Markez Aiako bizilaguna, Xabier Saldias azpeitiarra eta Javier Alberdi Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendaria.

Duela hilabete inguru hasi ziren, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian batik bat, Gernikako arbola ereserki egiteko eskaera sustatzen. "Ikusia da Gernikako arbola, Euskal Herriaren sinbolotzat hartua izan dena, ez dugu esango galduta egon dela, baina ia-ia, eta horregatik nahi izan dugu oso zerikusia zen kantua berreskuratzea, historia luzea duen kanta baita»", azaldu du Gontzal Mendibilek manifestuaren aurkezpenean.

Euskal Herriak ez du ereserkirik gaur-gaurkoz. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak badute 1983az geroztik, Gora eta gora; Nafarroak ere bai, 1986tik, Gorteen ereserkia. Ipar Euskal Herriak, berriz, ez dauka ereserki ofizialik. "Lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik", azaldu dute manifestuaren sustatzaileek.

Manifestuaren gaineko albiste osoa Berria.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide