Mendi lasterketetako euskal selekzioaren hautatzaileak dira Eneko Aliende eta Iñaki Uribe-Etxebarria. Haiek erabakitzen dute selekzioaren elastiko urdina nortzuek jantziko duten, eta haiek erabaki zuten Maite Etxezarreta korrikalari azpeitiarra selekzioarako deitzea. Duela hamar egun hasi zuren denboraldia, Espainiako taldekako txapelketarekin, eta lortutako emaitzen harira nahiz denboraldirako dituzten aurreikuspenak ezagutzeko, Uribe-Etxebarria hautatzaileari elkarrizketa egin diote Berria egunkarian. Hark Azpeitiko korrikalariaren lana nabarmendu du: "Estreinakoa positiboa izan da. Maite Etxezarretak, gainera, hirugarren postua lortu zuen. Espainiako taldekako txapelketa izan zen, eta esan dezakegu inoiz Espainiako Kopan izan den mailarik onena izan zela Borriolen. Ez ziren datarik egokienak, goizegi delako, baina gustura gelditu ginen".
Uribe-Etxebarriaren hitzetan, Etxezarretak iaz ez zuen "zorterik" izan selekzioarekin, baina orain Etxezarretak "bere maila" erakutsi duela adierazi du: "Lasterketan bere aurpegian nabari zen zerbait handia egitekotan zela. Gozatzen ari zen, eta hori esan zidan, mendiaz gozatzeko gai baldin bada emaitzak ere iritsiko direla. Iaz ez zuen zorterik izan selekzioan, baina argi geneukan bigarren aukera merezi zuela. Urduritasuna alde batera utzi duenean, segituan ikusi da zein den bere maila".
Iñaki Uribe-Etxebarriari Berrian egindako elkarrizketa osorik, hemen.