Joan zen urtarrilaren 24an Azpeitian estreinatu eta herriz herri hainbat emanaldi egin ostean, atzo ETB1en eman zuten Pumori, mendiaren alaba dokumentala. Lanak 2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak –Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda, Javier Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak– omentzea eta Suku Mayaren istorioa kontatzea ditu helburu. 2001etik ez zen euskal espediziorik igo Pumorira, eta 2017ko urtarrilean, gailur horretara (7.161 metro) iritsi zen Alex Txikon mendigoizale lemoarra. Harena izan da dokumentala egiteko ideia; beraren espedizioa eta 2001ekoa uztartu ditu kontakizunean. Baleukoren eta ETBren laguntzarekin ondu du filma, Iban Gonzalezen zuzendaritzapean.
Dagoeneko EITBren webgunean ikusgai dago Pumori, mendiaren alaba dokumentala. Honako lotura honetan ikus daiteke lana osorik.