Estreintzatzear den Käffka antzezlaneko kideak ETB1eko Gure kasa telebista saioan izan ziren atzo, osteguna. Amancay Gaztañaga zestoarrak, Erika Olaizola azpeitiarrak eta Miren Gaztañaga irundarrak osatzen duten Kamikaz kolektiboak ondutako lana da Käffka, eta Iraia Elias zarauztarra, Mikel Ibarguren zestoarra, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal eta Oier Guillan dira aktoreak. Julen eta Antton Telleriak gidatutako saioan izan ziren Amancay Gaztañaga, Olaizola eta Ibarguren, antzezlanaren inguruko nondik norakoak azaltzen. Lotura honetan ikus daiteke saioa osorik.
Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen enkarguz mamitu du antzezlana Kamikaz Kolektiboak. Lesbianismoa ikusaraztea da obraren helburua. Igandean, urtarrilak 27, estreinatuko dute antzezlana, Bilboko Pabellon 6 aretoan, 19:00etan. Azpeitian ere eskainiko dute emanaldia, otsailaren 15ean, 19:30ean, Soreasu antzokian.