Iazko urtarrilaren 12an hil zen Joxan Artze idazle usurbildarra, eta haren heriotzaren lehen urtemugan, zenbait ekitaldi antolatu dute. Besteak beste, Izar & Star egitasmoaren barruan, Azkoitiko Akauzazte taldeak nahiz Amorante, Bas(h)an eta Ibon RG musikariek 20 minutuko emanaldi bana eskainiko dute gaur, osteguna, Bilboko Kafe Antzokian. Hilaren 26an, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan ariko dira.
Azkoitiko Matadeixen, 1992an sortutako taldea da Akauzazte. Hainbat kide igaro dira taldetik, hala nola Oier Etxeberria eta Baxi Ubeda, baina gaur egun Iker Arrazolak, Joxe Larrañagak eta Roge Astigarragak osatzen dute taldearen muina. Akauzaztek rock esperimentala lantzen du bere doinuetan.
Artzeren heriotzaren urtemugaren atarian jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak idazlearen dokumentuak dohaintzan eman dizkiola haren familiak erakundeari.
Honako lotura honetan irakur daiteke Berria.eus-ek gaiaz egin duen albistea.