Legen Beltza taldeko kideak.
Joan zen asteartean Fermin Muguruza musikaria elkarrizketatu zuen David Broncanok La resistencia telebista saio ospetsuan. Ohiko legez, hogei minutuko elkarrizketa egin zion aurkezleak Muguruzari, eta Black is beltza animaziozko filmaz ari zirela, saioaren 17. minutu inguruan, hala galdetu zion aurkezleak musikariari: "Black 'beltza' da euskaraz, ezta?". Eta hortik abiatuta, Legen Beltza musika taldea aipatzeraino; izan ere, hala jarraitu zuen Broncanok: "Bazen euskal musika talde baten abesti bat, zeinak beltza zioen... Horregatik gogoratu naiz. A, eta bada Legen Beltza trash-metal musika talde bat ere". Muguruzak "oso onak" direla esan zuen, hari erantzunez: "Gaiaz asko dakizu, e!". Honako lotura honetan ikus daiteke elkarrizketa osoa.
Legen Beltza Azpeitiko musika taldea 1998an sortu zuten. Ekaitz Garmendia, Xanti Rodriguez, Ivan Hernandez eta Joseba Azkue izan ziren taldeko kideak, eta 2012an desegin zuten taldea. Bost urteko etenaren ostean, 2016an igo ziren oholtzara berriro, Erabaki Fest! jaialdia zela eta.