Soka luzea ekartzen ari da 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoaren gaineko epaia. Epaiaren salaketa ugari ez ezik, protestak ere izan da egunotan, eta erreakzio sokak ez du etenik. Horren erakusle da Maddalen Arzallus bertsolariak Gaztea irratiko Dida saiorako egindako abestia. Lo malo abestiaren melodia hartu eta hitzak sortu ditu, epaia salatzeko. Honako lotura honetan ikus daiteke bideoa.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak ostegunean jakinarazi zuen erabakia; hain zuzen ere, sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko espetxe zigorra bete beharko dute. Gainera, 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eta bi hilabetez, eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute emakumeari sakelako telefonoa lapurtzeagatik. Bost gizonak sexu eraso delituagatik absolbitu egin dituzte; izan ere, epaimahaiak ez du frogatutzat jo indarkeria egon zenik. Intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik ere absolbitu dituzte auzipetuak.