HARA! Reyes Azkoitia epailea, Euskadi Irratiako 'Amarauna' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko api. 24a, 18:24

Leire Fraganillo eta Reyes Azkoitia. (Euskadi Irratia) Reyes Azkoitia 66 urteko epaile azkoitiarra elkarrizketatu dute Euskadi Irratiako Amarauna saioan, Leire Fraganillorekin batera. Egun, Bergaran bizi da, eta pilotako epailea da. Orain, partida lasaigoak epaitzen baditu ere, bere garaian txapelketetan pilotari profesionalak epaitu izan zituen. Partida handien presiorik gabe aritzen da egun: "Gehienbat infantiletatik beherako mailetan aritzen naiz". Euskadi Irratian azaldu duenez, ez da "bokazioz" egindako epailea, "klubaren beharrek eraginda" baizik. Haren arabera, beti izaten du "urduritasun puntu bat" lanean ari denean. "Adi egon behar zara, eta ondo ikusi behar duzu. Partida ikusten zaudenean jarrita trankil-trankil egoten zaren bezala, epaile zarenean, urduritasun hori normala da". Umetatik datorkio Reyesi pilotarako afizioa. Sei senideren artean emakume bakarra da, eta haurra zela anaiekin pilotan aritzen zela gogoratu du.  "Hiru anaiak pilotan oso ondo egiten zuten, eta ni beraiekin batera aritzen nintzen jolasean. Anaia bat profesionaletara iritsi zen, baina umetan irabazi egiten nion, 3 urte gazteagoa zen eta". Egungo haurren gurasoek kirolaren aurrean duten jarreraz ere hitz egin du azkoitiarrak. "Futbola ikustera-eta joaten naiz, eta esan didate guraso askoren edukazio falta sekulakoa dela. Guraso batzuek epaileekiko duten jarrera onartezina da. Horiek bai joan beharko liratekeela ikastolara, edukazioa hobetzeko titulua ateratzera, guk epaile titulua ateratzera joan behar izan dugun bezala". Elkarrizketa osoa entzungai, lotura honetan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide