[Hara!] Lizasotarrak ETB-ko 'Gure kasa' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2018ko api. 24a, 12:07

Sebastian eta Beñat Lizaso aita-semeak ETB-ko 'Gure kasa' saioan izan ziren atzo, eta bertsoa izan zuten hizpide. Bestalde, Maddalen Arzallus 'Hitzen zaindaria'-k Azpeitia bisitatu zuen, eta Imanol Lazkano bertsolariarekin, Olatz Aguado Petopetue egitasmoaren sortzailearekin eta marrazkilariarekin eta Eneritz Albizu Natul euskara elkarteko kidearekin solastu zen.

Sebastian eta Beñat Lizaso aita-semeak, ETBko 'Gure kasa' saioan. (Argazkia: ETB) Sebastian eta Beñat Lizaso aita-semeak ETBko Gure kasa saioan izan ziren atzo. Bertsoa izan zuten hizpide, eta aitona eta aita bertsolari handiak izanda, "bi aukera" besterik ez zituela aitortu zuen Beñatek: "bertsoak gorrotatu edo bertsotan hasi". Sebastian Lizasok, berriz, adierazi zuen semearen txapelketetan "gehiago" sufritzen duela. Lizasotarrak hobeto ezagutzeko asmoz, Asisko Urmeneta marrazkilariak Sebastianen eta Beñaten hainbat bitxikeria kontatu zituen marrazkien bidez. Bestalde, lizasotarren hiru belaunaldiak askotan izan dira ETBko kameren aurrean, eta Nerea Alias kazetariak Lizasotar leinuaren hainbat artxiboko irudi erakutsi zituen. Atzokoan ez ziren lizasotarrak izan Gure kasa saioan azaldu ziren azpeitiar bakarrak. Izan ere, Maddalen Arzallus Hitzen zaindaria herriz herri ibiltzen da hitzak zaintzen, eta oraingoan Azpeitia bisitatu du, Izarraitzen babesean dagoen herrian euskarak bizi-bizi jarraitzen baitu oraindik ere. Hala, Imanol Lazkano bertsolariarekin, Olatz Aguado Petopetue egitasmoaren sortzailearekin eta marrazkilariarekin eta Eneritz Albizu Natul euskara elkarteko kidearekin solastu da Hitzen zaindaria. Lizasotarrak eta Hitzen zaindariarekin solastu duten hiru azpeitiarrak ikusteko aukera duzue hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide