Imanol Lazkano Azpeitiko bertsolaria.
Sarien ekitaldietan, omenaldietan eta bestelako ekitaldi publikoetan ematen diren hitzaldi batzuetan salbuespenezko hitzaldi bikainak badaudela onartuta, erreportajea argitaratu dute
Berria egunkarian,
Herdoildu ez diren esaldiak izenburupean. Berriako kazetari Urtzi Urkizuk Joxerra Gartzia idazlearen zenbait adierazpen jaso ditu lanean, eta Gartziaren arabera —jendaurrean hitz egiteko ikastaroak eman izan ditu– ustez egoerari gailendu zaizkion diskurtsoak "oso gutxi" dira. Baina izaten dira, tarteka, memoria kolektiboan gelditzen diren hitzak, "okasiozko" hitzaldietan: Sarien ekitaldietan, omenaldietan eta bestelako ekitaldi publikoetan. "Hori gertatzen denean, arrazoia ez da diskurtsoaren beraren barruan, bere ezaugarri tekniko-erretorikoan, bilatu behar. Aurren-aurreneko baldintza da diskurtsoa egiten den unean han dagoen jendearentzat pertinenteak edota axola handikoak izatea jorratzen duen gaia eta hartzen duen ikuspegia".
Imanol Lazkano Azpeitiko bertsolariaren bat du "kutunenen" artean Gartziak: Lazkanok 1987ko ekainaren 18an egindako hitzaldia. Bertsolari elkarteko lehendakari —gerora Bertsozale— izendatu berritan mintzatu zen Lazkano. "Hainbeste aipatzen diren Kennedy, Churchill edo Obamarekin zorrik ez du Lazkanoren horrek", adierazi du Gartziak. Hala mintzatu zen azpeitiar bertsolaria: "Helmuga nahiko urruti eta gainean karga ikaragarria daraman bertsolaritzaren gurdi honek aurrera egingo baldin badu, uste dut indarra ere ikaragarria behar duela, eta indar hori maila txiki batean egongo da bertsolariongan, baina maila handi batean herri osoarengan". Elkarteak ateak zabalik zituela aldarrikatu zuen: "Bertsolaritzari buruz ideia berririk edo kezkarik balu norbaitek, bere ikuspegia eman dezake. Onartua bezain eskertua izango da, bertsolaritzaren etorkizuneko putzu edo osin beltz honetan zenbat busti nahi den, hainbat ur baitago".