Beñat Lizaso, kartzelako lanean. (www.bertsoa.eus)
Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdena jokatu zuten zapatu arratsaldean Tolosan, eta Beñat Lizaso azpeitiarrak ez zituen nahikoa puntu lortu (646,5 puntu batu zituen) aurrera egiteko. Alabaina, saioan zehar hainbat perla eder abestu zituen, ikus-entzuleen gozagarri. "Inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak", gaia jarri zion gai-jartzaileak, eta 'Bazkaltzean gogoa neukan' doinuan hiru bertso hunkigarri eskaini zizkion aita Xebastiani, kartzelako lanean.
Lizasok kartzelako lanean kantatutako hiru bertsoak
www.bertsoa.eus webgunean entzun daitezke.
Hona hemen Beñat Lizasoren kartzelako hiru bertsoak transkribatuta:
"Bertso munduan nahiz pasa ditun
Une gogorrak hamaika
Nere bizitzan zer sentitzen dan
Inoiz ez nion nahi aipa
Saion bat hasi aurretik beti
Daukat atzetik jarraika
Azken batean bera ere nire gisan
Bertsolari baita
Hemen balantza nahiz ta daukagun
Aurrera sailka edo ez sailka
Mundua ez da hemen bukatzen
Beraz lasai zaite aita. (bis)
Esaten diot nere saiotan
Ahal bada ezkutuan gorde
Nik ez bazaitut ikusten nola
Den gu biontzako hobe
Baina igota laiste egin naiz
Zure begiradan jabe
Ni bakarrik ez, aita zu ere
Pixka bat urduri zaude
Aita beti da aita ta hori
Da jaingoikoaren lege
Hemen ederki sufritzen dula
entzuten dagonak ere. (bis)
Gaurko saioa irabazi det
Ta oholtzatik jeistean
Ze estutua eman didazun
Neregana iristean
Zenbat aholku eman zenidan
Bertso kantari hastean
Ze begirazun, ze errieta
Bertson baten nahastean
Baina gaurkoan merezi nuen
Hala da nere ustean
Ze besarkada ote datorkit
txapela irabaztean. (bis)"