Aitor Zubizarreta. (Maialen Etxaniz)
RETAbet Bilbao Basket taldeak
Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalaria fitxatu berri du. Hiru urterako kontratua egin du Bizkaiko taldearekin, eta datorren denboraldian Sammic ISBren gizonen lehen taldean, Espainiako Urrezko LEB Ligan, jokatuko du Bilbao Basketek utzita.
Duela egun batzuk Zubizarreta elkarrizketatu zuten Euskadi Irratiko
Hiru Erregeen Mahaia saioan, eta azpeitiarrak "gustura" dagoela azaldu zuen. Fitxaketa "albiste ederra" dela esan zuen saskibaloi jokalariak, eta lanean hasteko "gogoarekin" dagoela jakinarazi zuen. Taldeak erakutsitako interesa tarteko hartu du azpeitiarrak Bilbao Basketera joateko erabakia. "Beraiek izan ziren nirekin harremanetan jartzen aurrenak, eta klubeko kideekin hitz egitean asko gustatu zitzaidan duten talde ideia. Gainera, lehen urtea utzita aritzea ere gustatu zitzaidan".
Zubizarretak dio ez dela denboraldi erraza izango datorrena; izan ere, etxean jokatuko badu ere, Bilbora ere joan beharko du entrenamenduak egitera noizbehinka. "Denboraldia hastean, Azpeitiko kiroldegia beteta ikustea espero dut. Urtea ez da batere erraza izango, baina guk dena emango dugu, eta herritarrek disfrutatu egingo dute". Urte gogorra aurreikusten badu ere, baikorra da azpeitiarra: "Egunero lana gogor eginda eta pazientziarekin, ziur gauzak ondo aterako direla".
Umetatik Iraurgi SBn taldean ibilitakoa da jokalari azpeitiarra, 2013an AEBra joan zen arte. 18 urterekin joan zen Aitor Zubizarreta Portlandera (Oregon, AEB) saskibaloian aritzera eta ikastera. Idaho College taldetik igarota etxera itzuli zen ekainean, lau urteko esperientziaren ostean.