Pasa den larunbatean piztu zituzten Gabonetako argiak herriko kaleetan. (Juan Luis Romatet)
Pixkanaka Gabon giroaz janzten ari da Zumaia. Pasa den larunbatean piztu zituzten kalean Gabonetako argiak eta asteburu honetatik aurrera Gabon-kantak jarriko dituzte kaleko bozgorailuetan. Urte amaiera honetako ezustekoa, baina, Euskal Telebistak eman du: urte amaierako kanpaikadak Zumaiatik zuzenean emango direla iragarrita.
San Telmoko ermita izango da 2017. urteari ongietorria emateko EITBren aurtengo agertokia. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga,
Herri Txiki, Infernu Handi telebistako saioaren aurkezleak, eta Sara Gandara, kiroletako kazetaria, Zumaian izango dira urteko azken egunean, eta zuzenean aurkeztuko dituzte 2016a agurtu eta 2017ari ongietorria emateko kanpaikadak. Euskal Telebistaren bi kateetan emango dute zuzeneko saioa.
Urtearen azken eguneko saio horren aurretik
Herri Txiki, Infernu Handi programa berezia eskainiko dute ETB1en, eta bi aurkezleak zumaiarrekin solasean arituko dira. Horretarako, hilaren 31 baino bizpahiru egun lehenago Zumaia eta San Telmo ingurua bisitatuko dituzte saioa girotzeko irudiak hartzeko.
EITBtik adierazi dute, 50-60 lagun inguruko talde bat osatuko dutela egunean bertan kanpaikaden saioa San Telmotik zuzenean jarraitzeko. Interesa dutenek
kaixo2017@eitb.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Baina urtea bukatu aurretik beste hainbat saio berezi izango da Zumaian. Hilaren 21ean San Tomas festa ospatuko da Alai Auzategian, eta 23an Zumaiako Udal Musika Bandaren Gabonetako kontzertua izango da, 19:00etan, Alondegian. Horren harira, Bandak azaroaren 19an eskaini zuen Danteren
La Divina Comedia saioak izandako arrakasta ikusita, hilaren 17an ekitaldia berriro egingo dute Komentuan, Esti Curiel aktorearekin batera.
Urtero bezala, hilaren 24an Olentzero izango da Zumaian, eta Institutu paretik hasita, kantuan ibiliko da haurrekin herriko kaleetan. Arratsaldean, aldiz, Gabon abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan Erkibe Kultur Elkarteak antolatuta. Iluntzean Olentzero Goiko torretik behera jaitsiko da astoan, joaldunenekin, eta Arranplan Gomezagorekin egingo du topo. Hilaren 30erako, bertsolari gazteen saioa antolatu dute Oxforden.
Aurten, berrikuntza gisa, Gabonetako haur parkea jarriko dute kiroldegian, hilaren 27an eta 28an, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Sarrera 2 euro izango da.
Kirol probak ere antolatu dituzte Gabonetarako
Hil honetan eta urteko azken egunera bitartean kirola egiteko aukera izango da Zumaian. Hilaren 24an, 09:00etatik 14:00etara areto futbol txapelketa azkarra egingo da. Hilaren 29an, berriz, xake txapelketa jokatuko da 18:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan.
Abenduaren 31n, berriz, Biko lasterketa mistoa korrituko da. 12:00etan umeen txanda izango da. Txikienek 300 metroko ibilbidea egingo dute, eta gainontzekoek 1,2 kilometro. 12:30ean helduen txanda izango da. Bost kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Beheko plazan hasi eta bukatuta. Banaka edo binaka egin ahal izango da, denak korrika. Aurrez, patinatzaileen lasterketa egingo dute. Izena ematea bihar zabalduko dute Lubaki kiroldegian.