Iraia Bereziartua musikari azpeitiarra. (Iraia Bereziartua)
Atzo estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian Julio Medemen 'La ballena real' film laburra, Kalebegiak proiektuaren barnean. Proiektu horren helburua Donostiako erretratu bat egitea zen, eta horretarako hamabost zinegilek eginiko film laburrak bildu zituzten. Horrez gain, Musikene, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia, aritu zen proiekturako soinu-bandaren konposizioan. Horren baitan, grabatu zuten Iraia Bereziartua eta Ainhoa Garayar biolinistek, beste hainbat ikasle eta ikasle ohirekin batera, Medemen filmerako soinu-banda.
“Lagun batek galdetu zidan ea prest nengoen film horretan parte hartzeko. Nik baietz esan eta egun gutxira ekoizpenaz arduratzen zen produkzio-etxetik deitu zidaten. Abuztuak 24an elkartu ginen musika grabatzeko”, azaldu digu Bereziartuak. Horrek, “film baterako musika grabazioak nola izaten diren ikusteko” balio izan dio azpeitiarrari, “oso interesgarria izan da” esan du. “Atzo estreinaldira gonbidatu gintuzten eta pelikulaz gozatzeko aukera izan genuen. Filma ikusten nuen bitartean grabazio eguneko gauzak etorri zitzaizkidan burura”, gaineratu du.