Genozidioaren kutxa beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2025ko urr. 15a, 07:00

Pertsona bat Palestinako bandera astintzen, Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

Palestinari babesa agertzeko lanuztera eta grebara deitu dute sindikatuek gaurko. Gukaren lantaldeak ere bat egingo du deialdiarekin. Gorka Zabaleta Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak gaiaz idatzitako artikulua da honako hau. 

Varsoviako ghettoan bizitzera behartu zutenean, naziek han bildutako 400.000 judutarrei gertatzen zitzaien guztia dokumentatu beharra zegoela erabaki zuen Emanuel Ringelblumek. Talde bat osatu eta denen artean Oneg Shabat artxibategi klandestinoa sortu zuten. Dokumentuak lurpean ezkutatu zituzten, metalezko ontzietan gordeta, ghettoko hiru leku ezberdinetan. Gerra amaituta, hiru multzoetako bi berreskuratu zituzten. Ghettoko judutarrek jasandako holokaustoa ondoen jasotzen duen artxibategia da gaur egun.

Mariam Abu Dagga, Ismail Abu Hatab, Anas Al Sharif, Fatma Hasona, Samer Abu Daqqa eta Israelek azken bi urteotan hildako beste berrehundik gora kazetarik ere misio bat zuten: munduari kontatzea Israel Gazako palestinarrekin egiten ari den genozidioa. Israelek ondo baino hobeto daki kazetariek idazten dituztela historiaren lehen lerroak, eta horregatik ez du genozidioaren kutxa beltzik nahi. Ez atzerriko kazetaririk, ez bertakorik, ezta israeldarrik ere. Harro aldarrikatu dute Gaza erabat suntsituko dutela, baina lekukorik, ez mesedez.

Kazetari palestinarrei esker, baina, egunez egun izan dugu Gazako gertaeren berri. Bizitzarekin ordaindu dute askok, baina errelatoaren gerra irabazi dute. Hor daude genozidioaren kutxa beltzak, nazioarteko justiziarentzat eta historiarentzat. Horregatik, gaur hiru orduko lanuztearekin bat egingo dugu Gukako langileok: Israelen genozidioa salatzeko, Palestinaren eskubideak aldarrikatzeko eta, bereziki, gure ofiziokide palestinarrei egindako lana eskertzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide