Puntuka

Politika sare sozialetan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren

Angulak bizirik, artxiboko irudian. (Guka)

Aitziber Sarobek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Herritarren pentsamenduan eta jarreretan eragin edo ez, sare sozialak politkarako plaza nagusi bihurtu dira; bereziki, eskuin muturrari bozkatzen omen dioten gazteentzat (Espainian). Hala esaten digute gero eta asimilatuagoak dauden bertako hedabideek, bozkarako hautu hori gurean horrela den ikusteko badago ere.

Politika ez da jarduera miretsiena egun. Maiz, errazegi lotzen da ustelkeriarekin, saldukeriarekin eta alferkeriarekin. Baina ondo erakutsi ziguten bezala, gizartean bizi nahi duenarentzat, dena da politika. Irakasle onak izan nituen nik institutuan, eta onenetarikoa izan zen Filosofia irakaslea (Joseba Ariznabarreta). Hari ikasitakoak dira, besteak beste, botere antolatuaren justifikaziorako, gizakiaren txarkeriaren (Thomas Hobbes) eta  ontasunaren (Jean-Jacques Rousseau) arteko eztabaidak. Baina, batez ere eta bereziki, Immanuel Kant filosofoak arrazoiari buruz argudiatutakoak erakusten egindako ahaleginarekin akordatzen naiz. Ez zuen meritu makala irakasleak. Hari zor diot, bai, miresmena. Bestela ere etikaz, estetikaz, teologiaz zein metafisikaz edota epistemologiaz hitz egitea erraza ez bada, adimen artifizialaren garaian zer ote! Hobe dakitenei utzi kontu horiek.  

Askoz errazagoa da eskolatik pasatu gabe ere erraz ulertzen diren jarrerei eta jokabideei erreparatzea: jendartearen iritzian gezurrarekin eta gaiztakeriaz edo egiarekin eta ontasunez eragin nahi duten pertsonei, alegia. Inoiz nabarmentzekotan, hauteskunde garaian nabarmentzen dira bi joerak, eta halakoetan, sarri akordatu ohi naiz Filosofiako ikasgai haietaz. 

Izan ere, gustukoak nituen etika politikoari buruzko saioak. Oroitzen dudanetik, politikaren helburu gorenak boterea guztion onerako eta bidezko bizikidetzarako baliatzea izan behar duela erakutsi ziguten. Hala, botereak berezkoak dituen interesak norbere mesedetarako baliatuz ustelkeriatik (klientelismotik) ihes egiteko,  pertsona zintzoa izateak beste edo gehiago balio du etika politikoan jantzia izateak. 

Politika ez da, ordea, parlamentuetan bakarrik egiten. Lehen bezala, orain ere badira jendearen pentsamenduetan edo jokabideetan politikari profesionalek baino gehiago eragiten duten pertsonak. Egun, influencer deitzen zaie halakoei. Milioika jarraitzaile dituzten horietako batzuk iritzia emateagatik bakarrik iritsi dira, dirudienez, milaka bozetan eragitera. Ez ezagutzarik, ez baliorik eta, dirudienez, bokaziorik ere ez dute behar izan politikari profesionalen jarduna baldintzatzeko. Sare sozialetan abilak izateak eman die boterea eta, antza, euren itzala areagotzeko baliatzen dute.  Apolitiko gisa aurkezten omen dira gehienak. Non gelditu da etika politikoa?

Bestelakoa da beste hainbaten estrategia. Ez dituzte hainbeste jarraitzaile, baina boterea duten politikari profesionalen onespena (ideologia) dute eta hortaz baliatzen dira sare sozialetan argitaratutakoa hedabide tradizionalagoetara iritsi arazteko. Bozgorailu "dopatuak" dituzte.

Horren adibide argia da “Euskadiko Angulero Elkartearen” lehendakaria. Urtero bezala, Gabonak iristear daudela, gure lurraldeko hedabide nagusienetan entzun eta ikusi dugu angularen arrantzaren defentsa bizia egiten, Jaurlaritzaren eta, bereziki, ekologisten kontra gogor agertuz, angularen arrantza debekatu delako. 

Badaki aingiraren egoera biologikoa kritikoa dela. Badaki, horregatik, Europak arrantza guztiz debekatu duela. Badaki berriki profesional itxura eman zaiola jarduera ekonomiko guztiz iluna eta kontrolik gabea izan den angularen aisialdiko arrantzari. Eta, hala ere, hedabideak erabiltzen ditu egoera hori gutxiesteko eta zientziaren ebidentzia ukatzeko. Bere interesen defentsan politika egiteko. Bada, sare sozialetan zabaltzen dituen mezu guztietatik lotsagarrienak Azti  elikadura eta arrantza zentroko angularen biologian aditua den Estibaliz Diaz zientzialariaren kontra esandakoak dira. "Ekologista" deituz, haren profesionaltasuna zalantzan jartzen du, jakinda mundu mailako  erreferentziazko zientzialaria dela. Argi dago  anguleroak ez zuela zorterik izan edo, izan bazuen, ez zuela talentu nahikorik Filosofia irakasleak ulertzeko. Etika politikorik gabe dabil sarean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide