Joan den astean, 47. Natur Astea egin zuen Arkamurka natura elkarteak eta, ohi duenez, astea Merkatu Plazan ikusgai jartzen duen perretxiko erakusketarekin bukatu zen. Mikologiari eskainitako espazioa klasikoa da, horrek sortu baitzuen taldea bera. Baina, aurten, Zarauzko arroka motei eta haziei buruzko informazio interesgarriaz gozatzeko aukerarik ere izan da, behin baino gehiagotan bisitatzea merezi zuen erakusketan.
Egun hori aukera bikaina izaten da herriko naturazaleak topatzeko, elkarren berri izateko. Baina, eskaintzen du bestelako aukerarik ere: herriko eta inguruko perretxikozaleak joaten dira galderak egitera eta iritziak ematera.
Aurten onddoenbrotea izan da mintzagai. Zein baino zein astakeria handiagoak esatera joan zaizkigu: urliak hango pagaditik egun batean bildutako dozena eta erdi kilo, sandiak mendian ikusitako gazte kuadrilla supermerkatuko poltsa handi bana besotik zintzilik zutela, eta berendiak erakutsitako argazkia, onddoz betetako nonbaiteko sukaldea erakusten zuena. Nafarroatik ere iritsi dira berriak, urtero lez: Ultzaman hainbati erositako paseak baimendutako kiloak gaindituta, perretxikoak konfiskatu eta isunak jarri dizkiete. Beste klasiko bat: perretxiko bilketak itsututa gauak harrapatu eta foru poliziak erreskatatutakorik ere izan da... Enpin!
Aurten lehen aldiz entzun dugu Pagoetako natur parkean Ertzaintza ibili dela perretxiko biltzaileak zelatatzen, Gipuzkoako natur parkeetan baimendutako kiloetatik pasatuta ibili direlako. Hori ere handia da, gero! Parkeko mugen barruan debekatuta dago basabizitza kaltetzea, perretxikoak salbu. Horiek biltzea baimenduta dago kopuru bateraino, ez dute-eta gainerako bizidunen kontsideraziorik merezi, nonbait. Eta noski, parkeko mugetatik kanpo, dena libre! Laster hasiko gara balizak ikusten mendian... Eromena!
Gizakiak Homo sapiens sapiens deitzen dio bere buruari, baina aukera duen orotan erakusten duen harrapakaritzarako sena ikusita, ezin esan hain sapiens ez diren animaliengandik urruti gaudenik. Paleolitoa daramagu zainetan. Gizaki haiek, sikiera, bizitza zuten jokoan, baina guk...
Nola ez, horren guztiaren ardura handia azken asteetan etengabeak diren hedabideetako perretxikoei buruzko kanpainek eta aldarriek dute. Sukaldariak batetik, mila modutako errezetak eskainiz. Eguraldi esatariak bestetik, perretxikoak ateratzeko baldintzak noiz hobetu edo txartu diren azpimarratuz. Esatariak eta iritzi emaileak, bateko argazkiak eta besteko balentriak azpimarratuz. Ez sinestekoa.
Hutsa, jaki gisa perretxikoak interesgarriak balira. Perretxikoek ez dute apenas balio nutritiborik, eta arriskutsuak dira. Jakina denez, perretxikoen gorputzak hamarretik bederatzi ura dira, eta gelditzen den hamarren hori, azukre gutxik eta proteina apur batzuek osatzen dute. Grasarik, apenas. Gorputzaren euskarria, berriz, digeritu ezin dugun zuntzez, alegia, kitinaz osatuta dago. Eta neurtzen zailak izanik ere, guztiek dituzte sekulako ondoeza eragiteko gai diren bestelako metabolitoak; asko toxikoak, eta batzuk hilgarriak. Horregatik pozoitzen dira urtero zientoka lagun perretxikoekin, hedabideek errealitate hori erakusten ez badute ere. Hori guztia, mendi eta ingurune osasuntsuetan hazitako perretxikoen kasuan. Bide ertzetakoek eta parkeetakoek gizakiak sortutako kutsadura kimikoa berenganatzeko ahalmen ikusgarria dute. Ura direlako, eta uretan dauden kutsatzaileak azkar xurgatzen dituztelako: sufrea, beruna, kadmioa, eta ibilgailuen erregaien konbustioan askatutako metal astun guztiak. Edo etxeko animalien gernu eta gorotzetan pilatutako antibiotiko eta gainerako kutsatzaileak. Ez al du inork halako lekuetan jasotako perretxikoak jateko tentaziorik izango!
Baina zein goxoak diren! Hori esaten didate kalitatezko arrautzekin egindako tortilletan, ondo potxatutako kipula eta baratxuri artean zartaginean xigortutako perretxikoak jan zale direnek. Kasik ziur nago onddoen eta gibelurdinen ordez txanpiñoiak eta dendako pleurotusak balira ez lituzketela bereiziko, baina tira... Ea noiz ikusten ditugun sukaldariak basabizitzaren aldeko mezuak zabaltzen, Andoni Luis Adurizek angulak ez jateko egin duen aldarriaren gisakoak egiten. Nire eskerrik beroenak hari.
Kontuak kontu, udazkenaren etorrera ospatzeko pozgarri izan zitezkeen otordu bat edo bi, abusuzko jokabidearen barruko ekintza lotsagarri bihurtu dituzte, tamainako presioak onddoei eragin ahal dien kaltetik haratago, basoetan eta mendi pistetan eragiten ari garen zapalketa eta higadurarengatik.
Inoiz euskaldunok boletus itxurarik hartu badugu, aurtengo udazkenean hartu dugu. Barregarri geratzeraino. Puff...