Donostiako alkatearekin egin nuen amets. Ogi opil borobilez osatutako tontor baten gainetik, pozik, Portu kalean behera botatzen zituen opilak bata bestearen atzetik. "Segi, segi!", agintzen zien opil birakariei jarraika zebiltzan alderdiko zinegotziei: "Mari kalera iristerako harrapatuko dituzue eta banatu han behar dituztenei". Baina ez, Portaletaren azpitik pasatu, eta Mercabilbaotik edo Forondatik ekarritako arraina saltzen duten kofradia berrituan iskin eginda, plaust! Uretara erortzen ziren opilak. Alkateak ez zuen halakorik ikusten. Opil tontorraren gainetik oihuka zioen, ozen: "150 dauzkat, nahikoak donostiar kaleratuen sabela betetzeko". Oihuei Konstituzio plazako balkoietatik erantzuten zieten haserre, ume, gaztetxo, gazte, heldu eta zaharrek: "300 behar dira! Guk dauzkagu zuk behar dituzunak. Utzi gure opilak gose direnei ematen, zain dauzkagu”.
Baina ez, alkateak ez zuen begi eta belarririk auzotar haientzat; itsasoa zuen jomugan, Jainkoak ogiekin eta arrainekin miraria egingo zuela jakitun, ez zuen larritzen Donostiako kaleetan gosez eta egarriz zeudenen egoerak. Zer arraio! Kristau jatorren bertutea da karitatea, eta inguruko herrietako agintarien obligazioa denez elkarlana, falta diren opilen bila doazela auzoko herrietara, horretarako berritu dute Topoa!
Ceutako berriek esnatu ninduten, supituan! Txistuak eta oihuak han ere. Sekulako iskanbila sortu zela zioen esatariak, País Vasco-ko ezker abertzaleko brigadistak, alegia, terroristen lagunak, lehendik berotutako giroa lehertzera joanak zirelako. Negu Gorriak izeneko taldekoak zirelakoan, alegia, muguruzatarren txarangakoak, sututa omen zeuden. Afrika iparraldeko hiri horretako espainiarrek ez dute, antza, musika hori gustuko, eta ez zieten kotxetik jaisten utzi nahi. Ustez Negu Gorriak musika taldeko kideak zeramatzan kotxea harrika hartu zuten espainiar mindu asaldatuek, gainera igo eta tximukeriak egiteraino. Eskerrak polizia zuten laguntzeko, bestela, auskalo zer pasatuko zitzaien! (poliziei, esan nahi da, kaskoz eta babes jantziz hornitutako morrosko horiek muturrekoak, ostikoak eta tiroak kili-kili egiteko baino ez dituzte baliatzen eta, dakigunez...).
Irratiak goizean goizetik argitu zuen arratsaldean prentsaurrekoa emango zuela Negu Gorriak/Derecho a Techo izeneko elkarteak Iruñean, Ceutan sortutako gaizkiulertua argitzeko. Kale gorrian bizi direnei laguntzeko sortutako taldeak, hiri horretan egiten ari den lana argitzeko eta eragindako asaldura gelditzeko beharrezko argibide guztiak emango zituela, alegia. Kito festa!
Espainiako hedabideetako parrandak, baina, ez du hemengoaren inbidiarik. Abasto eman ezinik aritu dira telebista kate eta irrati programetako esatariak, bati eta besteari hitza eman ezinik. Kotxe barruan Ceuta Ya! alderdi politikoko senatari bat eta beste bi aktibista zihoazela jakin ostean, nahasmenak zein sentsazio eragin zien argitzean dago koxka. Ogi bila Ceutara ez, baizik eta Europara etorri nahi duten milaka gaztetxo, gazte eta heldu pilatu dituzten portuan laguntzera joandako elkarteen kontra egitea gehiegizkoa izan daitekeenez, Ceutako herritarren nekea justifikatu eta haienganako enpatia eskatzea hobe, nahasmenean sakontzea baino. Izan ere, kazetari horiek ondo baino hobeto dakite itsusia dela Espainiako nazionalistek euskaldun abertzaleei marokoarrei besteko amorrua dietela erakustea; Espainiako nazionalisten buruan ez baita kabitzen euskaldun brigadistak solidarioak eta internazionalistak direnik. Terrorismoaren mamua hobe ez haizatu.
Argi gelditu da Ceutako agintariek, Donostiako alkateak bezala, administrazioaren karitatea baino ez dutela estimatzen. Auzolanak mesfidantza eragiten die, behartsuak kontrolatu egin behar baitira, ez gaitzaten pobreziaz kutsatu. Aporofobiak txertatu ditu Bertol Brechten Gauerako aterpea poemaren kontra; nahiz eta Laboak abesti eder batean jaso, esanahia ulertzeko ezintasuna dute, negu gorrian kalean bizi direnekiko gorreria eta itsutasuna eragin die txertoak. Baina kapitalismoarentzat ez dute oraindik txertorik asmatu, eta Negu Gorriaken abestiak dioen bezala, borreroak baditu milaka aurpegi. Donostiako alkateak ere gogoan izan beharko luke, badaezpada.