Uda honetan gehien entzuten ari diren hitzetakoak dira, dudarik gabe. Maiatzean hasi eta abuztuko oporraldia bukatu bitartean, nahi baino egun eta gau gehiago izan dira beroak. Meteorologoek berretsi dute: eguraldiaren gorabeherak neurtzen hasi zirenetik izan dugun udarik beroena bizitzen ari gara, lehorrean zein itsasoan, inoiz neurtu gabeko tenperaturekin.
Beroak gertu izan ohi ditu bi lagun handi: sutea eta lehortea. Sustatu egiten ditu biak, areagotu, baina kontrakoa sinestarazten nekatzen ez badira ere, beroa ez da gertaera horien jatorri nagusia. Horregatik, nahiz eta datozen urteak aurtengoak baino beroagoak izango diren, ez dago zertan ondorioztatu aurten baino sute gehiago eta lehorte handiagoak izango ditugunik. Kontua konplexuagoa da.
Suteei dagokienez, gehienen jatorrian gizakiaren eskua dago. Urzainkiko baso sutea izan da aurten Euskal Herrian, lekuarengatik eta tamainarengatik, azpimarratzeko modukoa. Dirudienez, tximistak piztutako suak baso sail zabala erre du, leku malkartsuetan garatutako biodibertsitate handiko eremua, alegia. Aldiz, Aturritik eta Ebrotik hego-ekialdera, beldurtzeko moduko suteak izan dituzte Frantzian eta Espainian. Gehienak, beti bezala, giza jardueren ondorioz piztutakoak eta indartutakoak.
Nahita piztutakoak gutxi, antza. Gehienak, abeltzaintzan, nekazaritzan eta bestelako lanbideetan edota aisialdian eskuetatik joandakoak izan dira. Indartu, berriz, gaizki kudeatutako landa eremuak indartu ditu. Izan ere, pinudiak dira gehien erre diren zuhaiztiak. Frantzian zein Espainian, helburu ezberdinekin landatutako zuhaitz espezieen monolaborantzak eragin ditu itzali ezinezko suteak; zuhaitz espezie exotikoek osatutako landaketa zabalek, abeltzaintzarako baliatu edo ez.
Bada, zergatik entzun behar ditugu behin eta berriro mendi ingeniariak mendien abandonuaz hitz egiten? Zergatik basoenkudeaketa okerraz hitz egiten? Zergatik jarraitzen dute suteak neguan itzaltzen direla errepikatzen? Zergatik basoetan gehiegizko landaredia dagoela oihukatzen? Zergatik abeltzaintza estentsiboaren falta seinalatzen? Zergatik gizakirik gabe naturak ez duela autoerregulaziorako ahalmenik sinestarazten? Oso neketsua da uda guztietan hedabideetatik bideratzen zaigun matraka.
Zergatik ez dakigu nori eta zergatik egin dion ihes suak? Zein egoera ekologikotan zeuden erretako zuhaiztiak? Zenbaterainoko erresilientzia zuten zuhaizti horiek? Alegia, erretako eremuek zenbaterainoko ahalmena zuten hezetasunari eusteko? Zuhaizti horiek biodibertsitate gehiago edo gutxiago izateak zertan eragin du? Zerk azkartu edota mantsotu du sua? Erretako zuhaiztietan nolako presentzia zuten belarjaleek, abereek zein basatiek? Abereen kasuan, zeintzuk ziren eta nola maneiatutakoak? Erretako etxeen kasuan, zenbat ziren ustiapenik gabeko urbanizazioak? Zeinek eta zein legediren txapelpean baimendutakoak? Landa eremurako hirigintza legedia zorrotza da gurean: oso baldintza mugatutan eraiki daitezke etxeak aurretik baserriak zeuden lekuan eta ezin da eraiki etxerik lehendik bizitokia izan gabekoetan. Zergatik sortzen dira txaletak han eta hemen txanpiñoien gisan, bertan ez direnean biziko baserritarrak edo abeltzainak? Gipuzkoan baserritar misto profesionalak dira landa eremuari eusteko administrazioaren apustua; bada, zergatik ez dira lehen sektoreko bizibideak duinak? Jakinda basoek landaketek baino erresilientzia handiagoa dutela suteen eta bestelako hondamendi naturalen aurrean, zer ari dira egiten administrazioak basoak berreskuratzeko?
Azkenik: zergatik ez dituzte kazetariek horrelako galderak egiten? Auzi honetan, ez ote da hedabideen egitekoa interesatuei (kaltetuei eta mendiaren kudeaketa txarra probesten dutenei) ahotsa ematea baino, gertaera horiek ulertzeko informazioa modu kritikoan lantzea? Datorren urtean ere ez da faltako aukerarik, zoritxarrez.