Puntuka

Ezkien usainarekin, uda ate joka

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2026ko ekainaren 18a

Zarautzen, Munoako begiralekua eraisten ari dira. (Aritz Mutiozabal)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Urtaroak aldatuz doaz, baina apenas eragiten duten Zarauzko paisaian. Itsasoaren igoera, autopista saihesbidea, etxebizitzak, hotelak edo herri lanak. Ez dirudi aitzakiarik behar izan duenik udalak azken hiru agintaldietan herri osoa hankaz gora jartzeko. Horretarako hautatuko zuten alkate arkitektoa, eta ezin besterik espero. Honezkero nazkatuta, jubilatuak ere ez dira arrimatzen ikusmiran obretara.

Malekoikoetara salbu. Hondartzak beti izan du bestelako zerbait hori Zarautzen, eta bolo-bolo dabilen kontua da Munoako balkoiaren eraisketa. Inork herriari galdetu ez badio ere, gehiengoak ulertzen ez duen obra dela suma daiteke. Itsasgoran inguru hori hondartzarik gabe gelditzen dela bistakoa da, baina klima aldaketa aitzakia orokorregitzat dauka jendeak, nonbaiten sobratutako diruarekin ari direlakoan...

Alkatearen bandoa irakurri dugu Alderdiaren periodikoan, baina iaz Arkamurka natura elkarteak aurkeztutako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuari buruzko hitzaldiaren oihartzunak hor dirau eta ezin itsasoari errezelorik gabe begiratu. Jakin bai baitakigu aspalditik gaudela berea duen eremuan eta egiten diogun guztia itzuliko digula bueltan. Ingeniariei entzundakoak entzunda, jasoko al dituzte harri puskak eta ondo lotu burdinazko eta hormigoizko egiturak? Ez litzateke eta harritzekoa norbaiten balkoian edo ohean ikustea, luze baino lehen.

Halakoetan ez da azalpen xumerik izaten, eta oraingoan, Euskadin klima aldaketaren kontra egiten ari diren esku hartzerik handiena dela irakurri dugu. Gainerakoak ere honen gisa dirua harrika botatzeko izango badira, ederki gaude. Hark esan bezala, geldirik egonda asmatu.

Baina ez, Zarauzko metro karratuak preziatuak dira, eta agintean dagoen alderdiak behin baino gehiagotan adierazi duenez, Zarauzko lautadaren izaera urbanistikoa da, eraikitzeko aproposegia bere horretan uzteko.

Alkateak, baina, egin beharrekoak egin dituela dirudi. Antza, ez zaio gelditzen marrazteko lekurik herriko planoetan. Jakinarazi du badoala, ordezkoaren ondoan ikusi baitugu herriko prentsan. Noski, ezin agurtu eskerrak eman gabe eta azken oparia eskaini dio bere auzoari: Buenavista Iñurritza Suit, 80 apartamentu izango omen dituen apartahotela, herri sarreran.

Argibiderik ez da falta izan: 20,8 milioi euroko inbertsioa egingo du Suite Iñurritza SL sozietateak, zeinaren parte hartzaile nagusiena Promociones B. Martija enpresa den eta berriki Buenavista Equity Partners inbertsio kudeatzailearekin itxitako operazio batekin lotu dute negozioa, antza.

2008ko krisiaren ondoren ikasi genuen sozietate hauek sortu bezala desagertzen direla. Administrazioa beti izan da eskuzabala enpresek utzitako zuloak diru publikoarekin tapatzen eta aspaldi utzi zion jendeak enpresa hauen nondik-norakoei jarraitzeari. Azpiegiturek eta obrek aberastasuna sortzen dutela esaten digute agintariek, baina "norentzat?" galderari erantzunik eman gabe; diruak pasaporterik gabe bidaiatzen baitu Suitzara, Luxenburgora edo Bahametara. Ordainetan, handik datozkigun bidaiariek utzitako diruan pentsatuko dute...

Hori bai, hasi beharko dute hondartzan uretara sartzeko surflariak eta bainulariak txandakatzeko sisteman pentsatzen, lehendik ere banderatxoen jokora moldatu ezinik gabiltza eta...

Kontuak kontu, zarauztar guztiak ere ez dira hondartza zaleak eta badago zertaz gozatu egun hauetan. Herriko ezkiak puri-purian daudela, ez dago pareko perfumerik dendetan. Moztu ez zituzten Nafarroa kalekoen azpian paseatzea bezalakorik ez!

Alkate arkitektoak ikasi ez badu ere, asfaltoz urbanizatutako herri-hirietan, gerizpe zabalak eta itxiak sortzen dituzten zuhaiztiak dira klima aldaketaren kontrako neurririk eraginkorrena. Ez dugu erronka makala hondartza neurrian gustatzen zaigun herritarrok, alegia, udari ongietorria ezkien usainarekin ematen diogunok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide