Niri ikaragarri gustatzen zait Reala bere balioengatik, iruditzen zait Realak oso ondo irudikatzen dituela zeintzuk diren Gipuzkoaren balioak...", "momentu honetan, non gauza asko eta gogorrak gertatzen ari diren munduan eta beldurra nagusitzen ari den, honek suposatzen duena da espazio bat gure komunitatea sendotzeko, elkarrekin ospatzeko herriz herri; horregatik jarriko dira pantailak herrietan...". Aurreko asteazkenean Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan esandakoak dira, Errege Kopako finalaren harira.
Esatariak galdetu zion, berariaz, ez ote den gehiegizkoa futbolari ematen zaion garrantzia eta eskaintzen zaion espazioa. Galdera horri hitzez hitz emandako erantzuna da: "Hemen ez da bakarrik futbola, dira koloreak eta da talde bat eta talde horrek irudikatzen duena".
Ez dira bi urte ere pasatu (2024ko urrian gertatu baitzen) Donostiako Amara Berri ikastetxeari bere ohiko ordutegia baino ordubete lehenago ikasleak etxera bidaltzea eskatu zitzaionetik, Realaren eta Anderlechten arteko partida "arrisku handikoa" izendatu zutelako. Alegia, kirol ekitaldi bat hezkuntzaren aurretik jarri eta auzo oso bat itxi zuten kirolzale mozkor eta oldarkorrei leku egiteko: Aupa Reala!
Ez da gaurkoa La Polla Records musika taldearen Gol en el campo abestia. Hitzez hitz idatzi zuen, eta hamaika aldiz abestu Evaristok: "Qué bonito es el fútbol, qué pasiones despierta. Defiende tus colores... sudar la camiseta. Qué bonito es el fútbol para los que gobiernan. Están pegando el palo sin partido de vuelta" (Zein polita den futbola, nolako pasioak pizten dituen. Zure koloreak defendatu... kamiseta izerditu. Zein polita den futbola agintarientzat. Lapurreta hutsean dabiltza bueltako partidarik gabe). Ez dago zalantzarik: futbola da gaur herriaren opioa eta agintariek argi daukate.
Abesti horren hurrengo estrofarengatik merezi du lekua Evaristok tertulistoen mahaietan: "Justicia corrompida arbitra la contienda. Patrón enloquecido despide libremente. Y roban la pelota por la extrema derecha. Atentos al remate que va directa a puerta, y..." (Justizia ustelak arbitratzen du. Patroi eroa nahieran –langileak– kaleratzen. Eta eskuin muturretik lapurtzen dute pilota. Adi zuzen atera doan erremateari, eta...) Nostradamusen profezia dirudi, munduko, estatuko eta gure herriko egoera politikoak izan duen bilakaera ikusita.
Adarra jotzen ari zaizkigu gero eta ustelagoak diren erakundeetatik, kapitalaren mesedetan gobernatuz, gutxiengoaren mesedetan. Aurtengo Ogasunaren kanpainaren harira irakurri dugunez, urtean 180.000 euro baino gehiago aitortzen dituzten gipuzkoarren kopurua laukoiztu egin da hogei urtean. Horietatik zenbat dira Realeko futbolariak?
Larria da gero, bere burua abertzale gisa aurkezten duen alderdi politiko baten Gipuzkoako ordezkari nagusia, Espainiako himnoarekin hasi eta Espainiako erregearen eskutik jasota altxako duten koparekin bukatuko den partidaren aldeko aldarria egiten ikustea. Are okerrago, gipuzkoarrok partida hori ahalik eta ondoen ikusteko baliabide publikoak bideratuko dituztela entzutea.
Galderei erantzuteko zerbait esan behar eta, aho txikiarekin esan zuen eskolaz kanpoko kirolarekin eskaintzen zaiela gaztetxoei bestelako kiroletara hurbiltzeko aukera. Noski, horren inguruan sortutako aferaz hitzik ere ez. Are gutxiago kirolak aisialdia monopolizatzearen mesedetan jarri dituzten bitartekoei buruz...
Kontuak kontu, Evaristoren abesti horren profezia ez da guztiz bete. Abestiaren leloak hauxe dio: Gol en el campo, paz en la tierra. Tras la pelota hay mucha mierda (Gola zelaian, bakea munduan. Pilotak kakatza estaltzen du).
Eider Mendozak aukera bikaina galdu du Trump eta Netanyahu Realaren golak ikustera gonbidatzeko. Bakearen Nobel saria amesten duen Etxe Zuriko enperadoreak (lagun duen Ekialde Hurbileko genozidak bezala) Espainiako presidenteari dion estimua ikusita, seguru esker onez onartuko liokeela Espainiako erregearen kopa (noski, Realeko presidentearen baimenarekin, industria militarraren izenean).
Hori bai ahalegin diplomatikoa.
(P.D.: partidaren aurretik idatzitako artikulua).