Puntuka

Venezuela eta Petronor

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2026ko urtarrilaren 15a

'Yankee go home' dioen pintaketa bat. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Josu Jon Imazek argitu digu bien arteko harremana, eta ematen duenez, pozik dago lotura beltz horrek dirua egiteko aukera emango diolako: "Thank you for open the door to a better Venezuela" (eskerrik asko Venezuela hobe bati atea irekitzeagatik). Hitz horiekin eskertu zion Venezuelako petrolioa lapurtzeko egindako eskaintza, bere burua munduko enperadore izendatu duen Etxe Zuriko presidenteari.

Aurreko astean Donald Trump berak deitutako bileran jazo zen gertaera lotsagarri hori: petrolio enpresen arduradunekin, bere egin duen Venezuelako urre beltzaren (petrolioaren) lapurreta antolatzeko ekitaldian. Neokolonialismoa deitzen diote.

Lotsa eta amorrua ere ematen du inoiz Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua izan zena munduko potentzia militarrik handienaren buruzagiari Venezuelaren inbasioa eta bertako presidentearen bahiketa eskertzen entzuteak. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zenean, gaur egun bezala mespretxatzen ote zituen nazioarteko legedia, herrien burujabetza eskubidea, demokrazia eta giza eskubideak?

Imaz jaunak Venezuelako petrolioaz hitz egiten duenean, besteak beste, Petronorrek Amazonian dituen ustiategiez ari da. Bertako populazio indigenei lurraldetasuna aitortu gabe eta haien ingurumen eta osasun eskubideak urratuz ari dira, gaur, petrolioa ustiatzen han (Venezuelako Gobernua eta Josu Jon Imazek ordezkatzen duen Petronorren gisako enpresa multinazionalak). Imazek espoliazio lotsagarri hori areagotzeko aukera emateagatik eskertu du Trump.

Beldurra ematen du balio naturalak ekuratzeko inbasio militarrak justifikatzen dituen pertsonak 2002an EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) sinatu zuela gogoratzeak. Plan hura hogei urte geroago Arantxa Tapiak sinatutako Energia Berriztagarrien LPSaren (EEBB-LPS) aitzindaria izan zen. EEBB-LPSak Imazek sinatutako LPSak jasotzen zituen ingurumenaren babeserako neurriak ahuldu ditu. Bada, atera kontuak egun onartze bidean dagoen EEBB-LPSak lurralde antolaketarekiko eta naturaren babeserako nolako bermeak izango dituen!

Azken urteotan nazkatu arte errepikatu digute energia berriztagarrien ekoizpena azkar eta asko emendatu behar dugula klima aldaketari aurre egiteko, horrela baino ez dugulako murriztuko jatorri fosileko erregaien kontsumoa. Baina, esaten ez digutena da, ekonomia kapitalista neoliberaletan energia enpresa multinazional berberek baldintzatzen dutela energia iturri bateko edo besteko teknologiaren garapena; eta Trumpek erakutsi duenez, ekonomia eredu horretan lurraldetasuna, natura, osasuna eta giza eskubideak enpresen interesen menpe daude.

Alta, interes horiek ezin dira modu horretan defendatu indar armaturik gabe. Jakina da AEBek dutela munduko armadarik boteretsuena, NATO izeneko Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen barruan. Trump presidentearen gobernuak, baina, ataka larrian jarri du erakunde hori: Israeli Palestinan genozidioa gauzatzeko eskainitako laguntzarekin eta Venezuelaren inbasioarekin, Europa gutxietsi ostean, Danimarka erasotzera ausartu baita, Groenlandia bereganatzeko mehatxuarekin. Dirudienez, aliatuak beharko lituzkeenak ere ez ditu errespetatuko.

Hori guztia, gainera, Europari kargu hartu ostean ez diogulako AEBetako industria militarraren hornidura eta garapena ordaintzeko behar beste diru ematen. Zer pentsatuko ote dute orain, lehendik gure enpresek industria militarrari egiten dioten ekarpena gutxi delakoan, eskaera hura ontzat eman zuten Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren ordezkariek...

AEBen inbasioak ez dio inor askori loa kenduko gure herrian. Baina gure industria eta ekonomia eredua estuki lotuta daude Trumpen interesei: besteak beste, negozio militarrari. Horregatik, bakea nahi izatekotan, ekonomia globalizatuaren jabetzarik gabe euren zilbor hesteari begira bizi direnek ere, aintzat hartu beharko lukete Amerikako (eta munduko) antiinperialisten leloa: Yankee go home!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide