Puntuka

Garraio publikoa eta auzo lotsa

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2025ko urr. 9a, 10:00

Renferen tren bat. ('Berria' egunkaria)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau. 

Bata bestearekin lotu daitezke oraintsu hedabideetan zabaldutako berri baten harira: "Aldiriko tren zerbitzuak izen berria izango du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta herritarrek aukeratu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak martxan jarritako bozketa prozesu batean, 'Besaide', 'Lottu' eta 'Lurbil' aukeren artean. Bozketan parte hartu nahi dutenek Irekia webgunean erregistratuta egon beharko dute, besterik gabe, eta urriaren 19aren aurretik bozkatu, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailetik jakinarazi dutenez". (Europa Press Pais Vasco, 2025eko urriak 6, astelehena).

Hara! Zertarako nahi duen gure parte hartzea Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak. Ez zerbitzu horren pertinentziaz eta kalitateari buru dugun iritziaz galdetzeko. Ez aldiriko tren gehiago edota bestelakoak behar ditugun arakatzeko. Ezta EAEko trenbide sareaz dugun iritzia eta Abiadura Handiko Trenaren beharraz eta kostuaz eztabaida soziala abiarazteko ere.

Are gutxiago, noski, ganorazko trena eta, oro har, garraio soziala eta publikoa ez izateak eragiten dituen eragin ekonomiko eta sozialez ez ezik, ingurumen eraginez  dugun iritzia jakiteko.

Horren guztiaren inguruan dugun iritzia sobran du Mugikortasun Jasangarriaren sailak. Egun dugun mugikortasun eredua jasangarria dela sinetsita daudela izango da... Lotsa gutxi behar da gero! Oraindik mugikortasunaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik justifikatu ez den AHTaren ibilbidea erabakitzeko Aralar zulatzeko aukera baztertu ez dutenean, gure iritzia aldirietako trenei izena jartzeko eskatu ez dute ba. Besaide, Lottu eta Lurbil. To!

Besaide. Paraje ederra, Udalaitz eta Anboto artean. A ze pagotxa kostaldetik, Bizkaikotik zein Gipuzkoakotik, Deba bailarako herrietara, kooperatibek lana ematen duten horietara, aldiriko trenez joateko aukera bagenu! A ze lasaitasuna hartuko lukeen A8 izeneko astopista horrek. Aldirietako trenaren izenaren kontu hori zabaldu zen egunean bertan, zientoka kotxe dozenaka kilometroko auto ilaratan harrapatua gelditu ziren kamioi batek Deba-Itziar parean su hartu ostean. Elgoibarko irteerara iritsi ezinik, A8 eta AP1 errepideetan kieto, ez aurrera ez atzera.  Seguru aldirietako trenaren izen berriak kezkatzen zituela gidari haiek guztiak, garraio sistema jasangarriak lasaituta. Hutsa! Horrelakoetan autopista izenekoaren sarreretan abisua emango balute. Horretarako ere ez du errukirik dirua beste ametsik ez duen Bidegi, Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia S.A. enpresak.

Lottu, bigarren aukera. Lotu, lehendik Renfek lotzen zituen herriak lotzen jarraituko dute aldirietako tren horiek; bada, lo eta ttu egiten duten erabiltzaileak daudelako otuko zitzaien izen hori: lo hartzen dutenak esnatzeaz eta jendearen edukazio txarraz nazkatuta daudelako, agian. Edo ez, hala balitz, lottu-ez egokiagoa zatekeen eta... Ttu guri egiten digute, garraio publikoaren faltan, lanera iristeko kotxea hartu beste erremediorik ez dugunoi.

Lurbil. Hirugarren aukera. Lurretik hurbil, lurraldea bilduz, lurralde bila... Zentzugabeko adierak guztiak lurraldetzat Euskal Herria dugunontzat. Mugikortasun sailak azpiegiturak egiteko duen obsesioa ezagututa, "lur bila" izan daiteke izenaren jatorria, inoiz ez dute eta nahikorik izango.

Txantxak alde batera utzita, zer arraio axola ote du aldirietako trenaren izen berriak, egunetik egunera gero eta itoagoak ditugun errepideetan lanera joan-etorriak egiteko bizitza jokatzen ari garenean? Izen berria ez, trenbide sare berria da behar duguna tren publiko eta sozialaz herriz herri mugitu ahal izateko, AHTaren amesgaiztoa ahaztuta.

Inoiz ikusiko al dugu benetako Mugikortasun Jasangarriaren saila Eusko Jaurlaritzan?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide