Dolly izena zuen, eta hedabideek jakitera eman zutenez, Europako Batzordeko presidentearen familiarekin zoriontsu bizi izan zen 30 urte luzez, 2022ko irailaren 1ean otso batek hil zuen arte. Otsoak ez zuen izenik, GW950m etiketa ezarria zioten Dollyren antzeko aziendak jateagatik ezaguna zelako. Ponia hil aurretik zeukaten otsoa begiz jota, "exterminiorako zerrendan" sartuta.
Alemanian gertatu zen harrapaketa hori, Saxonia Beherean von der Leyerren familiak duen etxaldean. Gau malapartatu hartan gertatutakoak shock egoeran utzi omen zuen Europako mandatari nagusia, "berriak familia osoa erabat hunkituta utzi du" (eldiario.es) irakurri genuen hedabideetan. Otso hark ez zekiena zen, zein garesti aterako zitzaien berari ez ezik, bere espeziekideei poni haren haragia. Geroztik gogor tematu baita Europako Batzordeko presidentea otsoak Europan duen babes araudia indargabetzen. Hainbesterainokoa izan da bere tema, Europako Batasuneko diplomatikoek harriduraz aurpegiratu diotela Dolly maitearen galerak eragindako mendeku gosearekin interes orokorraren kaltetan aritzea.
Azken hamarkadatan igo egin da otsoen kopurua Europan, 12.000 izatetik 18.000 izateraino iritsita omen daude, eta horietatik 1.200 dira Alemanian bizi direnak. Otsoak babes zorrotza izan du oraindaino Europan. Hala ere, Alemanian populazioa osasuntsu dagoela ikusita eta abereak babesteko helburuarekin, aziendetara ohitutako otsoentzat salbuespenezko neurriak araututa daude, "exterminiorako zerrenda" bezalakoak.
Hori ez zen nahikoa von der Leyen presidentearentzat, eta otsoak gizakiontzat eta gure abereentzat kaltegarriak direlakoan, ez du etsi 2023ko abenduan Europako Batasunak otsoari babesa kentzeko prozesua abian jartzea eskatzea lortu duen arte. Horretarako, bere alderdiak (CDU, Europako Alderdi Popularreko kideak) baliatu duen parte hartze prozesua auzitan jarri da, eta ikertzea eskatu zaio Europako Batasuneko Arartekoari.
Baina, momentuz, lortu dute nahi zutena: Bernako Hitzarmenaren Batzorde Iraunkorrak otsoa babesteko estatusa jaistearen alde bozkatu zuen aurreko astean, eta horrek bidea ireki du Europako Habitaten Zuzentaraua aldatzeko. Bitartean, otsoak orain arte duen babesa mantenduko du, eta edonola ere, Europako estatu guztiak behartuta daude otsoen populazioak kontserbazio egoera faboragarrian mantentzera horretarako beharrezko kudeaketa neurriak hartuta. Eta hemen dago koxka, otsoen ehizari eta otso taldeen hilketari bide ematen baitzaio.
Europako eskuinean eta eskuinaren eskuinean kokatzen dituzten alderdi politikoak ekonegazionistak direla esatea ez da berria. Begirada guztiz antropozentrikoarekin, egun bizi dugun krisi ekologiko globala ukatzen dute; klima aldaketa bezala, biodibertsitatearen galera ere euren garapen ereduaren muinean dagoen kapitalismo liberalari kontra egiteko aitzakia direlakoan. Zientzia arbuiatzen dute, eta etengabe nahasten dituzte eztabaida publikoak gezurren eta fede txarreko faltsukerien bidez.
Otsoarekin gertatzen ari dena da horren adibide argia. Europako hainbat estatutan otsoaren kontserbazio egoera oso zalantzagarria da. Espainiako Estatuak ere ohartarazi zion Batzordeari ez dituztela otsoen populazioei buruzko datu eguneratuak babesa kentzeko moduko erabakiak hartzeko. Bestalde, Europako Batzordeak propio eskatu eta 2023an argitaratutako ikerketa sakonak argi erakusten du ez dagoela ebidentziarik otsoen hilketak abereei eragiten dizkieten kalteak gutxitzen dituela esateko.
Europako Batzordeko estatu kideek Bernako Hitzarmenean otsoaren babesa ahultzearen aldeko botoa eman dutenean, ez dituzte kontuan hartu Europarako Haragijale Handien Ekimenean bildu diren zientzialarien eskaerak, ezta 300 erakunde baino gehiagoren iritziak, eta are gutxiago ehunka mila herritarren oihuak: Europan haragijale handien presentzia eta abeltzaintza bateragarri egitea eskatzen dugu denok. Ez da posible zientziari bizkarra ematen dion erabaki politiko bat hartzea, itxuraz arrazoi pertsonalek eraginda, otso batek Europako Batzordeko presidenteari poni bat jan diolako.
Gu ere Europa gara, eta hemen EAJ alderdia da Europako Alderdi Popularreko kideekin lerratzen dena. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak aste honetan bertan eskatu du otsoa Espainiako Gobernuak onartutako Babes Bereziko Espezieen Zerrendatik kanpo uztea. Ekonegazionistak gobernuan hemen ere; otsorik gabeko lurraldea izatera kondenatuta gaude alderdi politiko honek agintzen duen bitartean, beste hainbatekin batera, Euskadiko Otso Taldea (Grupo Lobo Euskadi) hori ez gertatzeko ahaleginak eta bi egiten ari den arren.
Azken boladan, ehiza bizitza dela entzuten ari gara etengabe hedabideetan. Hala sinetsita daudenek eurentzat frogatu beharko lukete botika hori, inori saldu aurretik.