Angulariak eta ekologistak

Guardia Zibilak 30 lagun atxilotu zituen abuztuan, aingira trafikoagatik. (Berria)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Urriaren 9an, Euskal Telebistako Biba zuek saioan entzun genituen Deba eta Butroe errekan angulak arrantzatzen ibiltzen diren angulariak beste behin. Gazteak eta adinekoak, tradizioaren izenean txalupatik zein lehorretik egiten den arrantza famatzen, betiko liturgiaz jantzitako irudiekin.

Aurkezleen ateraldi naif klasistarik ere ez zen falta izan: «Gogoan dituzue Unai, asko harrapatutako egunak? Hainbeste harrapatutako egunak eta, izango dira horrelakoak…». Aurkezlearen galdera angulariari, desagertzeko arriskuan dagoen arrain-espezie bati buruz ari zelarik. Sekula angularik probatu bai? «Apreziatuko dituzu, ezta?», solaskideari galdera, gipuzkoarrak tarteko, milioika euroko irabaziak eman izan dituen legez kanpoko salerosketari iskin eginez. Zer eskatuko diegu ba EITBri eta bere aurkezleei, mafia horretarako baldintzak administrazioak berak errazten dituenean. 

Programa horretarako aitzakia, Europako legediak halabeharrez eraginda, aisialdiko angula-arrantzaren profesionalizazioa izan zen. EAEko arrantza profesionala arautzen duen lege dekretu-proiektua (12/10/07/02/3367) uda bukaeran jarri zuen jendaurrean ikusgai Jaurlaritzak. 
Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistek argitaratu bezala, Mutrikuko natur taldearen helegiteak bi salaketa nagusi jasotzen ditu: ez dela kontuan hartu angula/aingira kontserbazio egoera (desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da) eta dekretuan jasotzen diren baldintzak ez direla justifikatzen, oinarritzen, txosten juridiko edota zientifikoetan.

Horixe bera galdetu diote EH Bildu, PP eta Ahal dugu alderdi politikoen ordezkariek Gasteizko Parlamentuko Mahaiaren bitartez Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari. Horratx, erantzunak dioenez, angularen arrantza debekatzeak lekarzkeen arazoak:
 
    1. Legez kanpoko arrantza emendatzea. To! Angula-arrantzaleak 10 arroetako estuarioetan zabaltzen omen dira eta horrek zaila egiten omen du haien kontrola. Basozainak, arrantza ikuskariak eta Ertzaintza ditugu horretarako, udaltzainez gain (horiek prestatu eta ahaldunduz gero). Ejerzitoa falta ote dugu?

    2. Datuen eta populazioaren jarraipen falta. Hitzez hitz jasotzen du «arrantza debekatzean sarritan datuak jaso eta populazioen jarraipena egiteko aukerak galtzen dira». Lotsa gutxi behar da gero! Azti institutu ozeanografikoan espezie honen jarraipena egiten duten adituak daude. Haiei dirua eta baldintza egokiak eskaintzearekin nahikoa litzateke. Noiz arte jarraitu behar du administrazioak kontrolatzen ez dituen arrantzaleen beharra defendatzen? 

    3. Eragin sozial eta kulturalak. Kultur jarduera (arrantza) ezak espezie batekiko atxikipenaren galera eragin dezakeela esaten ez dute ba! Ia desagerrarazitako balearekikoa edota bisiguarekikoa galdu al ditugu ba? Angularena arrantza mota berezia omen da, mendeetan hemen bakarrik egin dena. Eskerrak! Ez dutena esaten da, arrantza mota hori lehorretik egiten zela, ez txalupetatik eta sare bidez, hain modu basatian. 

    4. Aldebakarreko begirada. Hitzez hitz, dio: «Arrantza bat ixtea, alde bakarreko neurri gisa ikusten da askotan, alderdi interesdunak eta tokiko komunitateak inplikatzen ez dituena baliabideen kudeaketan eta kontserbazioan. Komunitateen lankidetza eta partaidetza funtsezkoak izaten dira epe luzera kontserbazio neurriak arrakastatsuak izateko». Orain akordatzen dira komunitatearekin. Noiz hartu ditu kontuan Arrantza sailak arrantzaleenak ez ziren interesak? Esaterako, ekologistenak edo natur kontserbazionistenak?  


Aipatutako argudioak baliatu ditu Jaurlaritzak arrantza-zentinela bezala definitu duen angularen arrantza profesionala defendatzeko (modernoak direnez, ipar Europako zigalak, bakailaoa eta beste zenbait kasu testura ekarrita). Hau guztia, angula/aingiraren desagerpena nola gertatzen ari den erakutsi baino egiten ez duten txosten zientifikoen izenean. 

Biba zuek programan parte hartu zuen Euskadiko angularien elkarteko presidenteak esan zuenez, arrantza azarorako baimentzea aurreikusten dute, baina aurretik, bilera bat egingo omen da Arrantza sailaren, angularien, Aztiko ordezkarien eta ekologisten artean dekretuak ezarritako baimenak eta arauak adosteko. 

Ekologistok ez dugu ezer esateko auzi honetan, ez behintzat, feministek, sozialistek, komunistek, anarkistek edota liberalek baino gehiago, esaterako. Zientziak erakutsi du angula/aingira desagertzeko arriskuan dagoen arrain-espeziea dela. 

Orain gizarteak erabaki behar du jokabide barbaroak edo zibilizatuak lehenetsi: alegia, ezagutza bizitza eta bizikidetzaren mesedetan baliatu, edota indarrez eta indarrarekin, bizitza eta bizidunak gutxi batzuen mesedetarako ustiatu. Angulak arrantzatzea jatea besteko barbaridadea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide