Izen hori daraman elkarte batek "ametsetako oporrak" antolatzen dituela irakurri genuen aurreko astean (abuztuaren 25ean) Berrian (Euskadi Irratiak ere landu zuen gaia igandean). Berripaperean irakurritakoaren arabera, "luxuzko turismoa egitera etortzen zaizkigunak aberatsak dira, premium zerbitzuak nahi dituztenak, baina ez dute horiek erakusteko beharrik; jende zuhurra izaten da".
Ez da erraza ulertzen zer esan nahi den azken esaldi horrekin. Izan ere, artikuluan irakur daitekeenez, turista horientzat "helikopteroaz baliaturiko ibilbideak eskaintzen dira. Bi pertsonarentzako hegaldia helikopteroan, jatetxe batean dastatzeko menua eta luxuzko auto batean itzulia. 1.000 euro Laia jatetxera (…) joan-etorria eta afaria, 2.200 euro Akelarrera (…), eta 2.650 euro Etxebarri erretegira
(…)".
Nola pasea daiteke disimuluan, nabarmenkeriarik gabe, helikopteroetan eta luxuzko autoetan?
Eskerrak "Sondikako terminal zaharrean hegazkin pribatuek lur hartzeko zerbitzuak eskaintzen" zaizkien, "Euskal Herria Europako eta Afrikako beste puntuekin lotzeko jet pribatuak" nabarmenegi geldituko lirateke eta, Loiuko aireportuan...
Turisten artean oso gutxi omen diren luxuzko turistak. Beharko! Kabitu ere ez lirateke egingo eta, bestela. Egun batzuk lehenago Javier Hurtado sailburuari entzun genionez, aurreko urteko datuekin alderatuta, turisten sarrera %12,6 igo omen da urtarriletik uztailera bitartean. Eustaten begiratuta, 2.046.260 pertsona dira horiek, 2.191.613 pertsona bizi garen lurraldean.
Pentsa, aberats horiek turisten gehiengoa balira. Trafikoa moztuko ligukete luxuzko auto horiei paso emateko? Sondikako aireportua Loiukoarekin bateratu jet pribatu horiek lur hartzeko? Ikustekoak eta entzutekoak lirateke luxuzko turista horiek ilaran zain, Laia, Akelarre edo Etxebarriko jatetxeetako mahaietan noizko eseri… A, barka! Diskrezioa eskatzen omen dute.
Xabier Otxandiano Bilboko garapen ekonomikoko zinegotziak esandako hitz hauek jasotzen dira artikuluan: "Turismoaren eta luxuzko turismoaren sektorean ondo egiten ari dira gauza asko, eta diru asko mugitzen duen sektorea da. Mota ezberdinetako luxuaz disfruta daiteke, eta oso interesgarria da". Interesgarria zeinentzat? Argi ibili! Kapaz dira-eta ikurrinak hartuta bide bazterrera irten gaitezen eskatzeko, luxuzko kotxeetan angulak jatera doazenei txalo egitera!
Ezin da ukatu ia inork gogoratu ere egingo ez duen Rosa Diez Turismoko kontseilaria izandakoaren ametsa bete denik: Ven y cuéntalo, zatoz eta konta ezazu. Modan dago gure herria, asmatu dute saltzen, alajaina! Telesailak, filmak, Tourrak eta beste, jakin dute mapan kokatzen ondo jan eta hobeto edaten den Basque Country hori, espainiar edota frantses "berezituen" kultura hori: Euskadi, auzolan.
Nafarroa eta horrelako kontuak, arkeologo eta historialarientzat. Zertan nekatu euskarak bereizten duen munduko lur zati honetan euskaldunoi bizitzeko erraztasunak ematen. Ez horixe! Doazela Madrilgo parlamentura euskaraz kexatzera. Ez dute eragozpenik izango.
Diruak ez du aberririk, ez hizkuntzarik. Dirudunak nonahi dira ondo ikusiak eta haientzat beti daude zabalik ateak, beti dute non lur hartu, non itsasoratu. Diruak dena ahal du: kapitala kudeatzen duten enpresak dira gaur legeak idazten eta betearazten edota ez betetzeko baldintzak ezartzen dituztenak: nola lekuko administrazioan, hala nazioartekoetan. Dena dago edo jarri nahi dute kapitalaren zerbitzura: onura, zerbitzu eta eremu publikoak barne. Horretan ez dago disimulurik.
Adibideak jartzen hasita, uda honetan (eta aurrekoan) ostegunero surf-campetara edo surfa aitzaki hartuta oporraldia egitera etortzen diren gazteentzat Zarauzko hondartzan antolatzen dituzten afari-meriendak aipa daitezke. Propio ekarritako mahaien gainean jarritako kazuela handiak eta gainerakoak baliatuz banatzen dute jatekoa eta edatekoa festarako. Zer gertatuko litzateke ile argi eta azal zurikoen ordez, ijitoek osatuko balute kazuelatzar horien bueltan bildutako taldea? Kazuelak bistaratu orduko izango lituzkete Zarauzko udaltzain guztiak gainean. Arrazismoa deitzen diote, baina aporofobia da.
Normaltasunez ez ezik, onuragarria eta positiboa delakoan erakusten zaigun luxuzko turismoa sustatzen den herrian, gazte mugimendu gero eta ezagunagoak komunismoaren aldeko aldarria egiten du, kapitalismoaren kontrako diskurtso teoriko bortitzarekin.
Ez da hau diskurtso horren esanguratasuna eztabaidatzeko leku aproposena, baina bada ukatu ezin den errealitatea: oso gutxi omen diren (luxuzko) turista horiek klase borroka irabazi dute.