Horrela bizi ei dugu, euskaldunok: harrotasunez, oihuka eta ikurrinez inguratuta, festa bizian. Hedabideek gau eta egun ikusarazi eta entzunarazi digutenez, inbidiaz ikusten omen gaituzte mundu osoan, txirrindulariek osatutako pelotoiaren zorionerako. Tour honek eman digun turradak ematen du bai, bi hitz idazteko.
Oinez hasi orduko eskuratzen zaie herri honetako ume gehienei bizikleta txiki bat: bi, lau edota hiru gurpilekoa. Ibilgailu arrunta izatetik, plastikozko jostailu bihurtu baitzuten lehendabizi, egun, ziklomotor edo motozikleta elegante gisa saltzen diguten garraiobide hori.
Baina gaztaroan edo helduaroan egunerokotasunean ibilgailu eroso eta garbi hori (kutsatzen ez duena) ibiltzeko hautua egiten dutenek ez dute autoak markatzeko beldurrez edota kontrako norabideak ibili beste erremediorik. Ez herri lauetan eta ezta aldapatsuetan ere, bizikleta ez da lehentasunezko ibilgailua. Donostia salbuetsita, Kalapie bezalako elkarteen lan eskergari esker lortu duten bidegorri sareari esker, gainerako herrietan bizikleta oztopoa baino ez da: liskar eta kexa iturri gehienetan.
Zer esanik ez, gertu dauden herrien artean bizikletaz ibiltzeko saiakera eginez gero. Auto, autobus eta kamioien beldur, zaindu ere egiten ez dituzten bide bazterretan gurpilak zulatzeko beldurrez ibiltzea beste erremediorik ez dago, non eta motordun ibilgailu horien bozina hotsek eta madarikazioek izutzen ez zaituzten.
Ez, hirigintza planetan bizikletak ez du lehentasunik gurean. Gure herri eta errepideak ez daude bizikletentzat pentsatuta, eta nahi izanda ere, ez dago modurik egunerokotasunean bizikletaz modu erosoan mugitzeko, ez herri barruan, ezta herrien artean ere.
Aldiz, ikustekoa da kirol ikuspegitik bizikletaren erabilerak, alegia, txirrindularitzak hartu duen indarra. Aste barruan autotik bozina jotzen diguten horiek dira asteburuan ehunka euroko ekipamenduarekin eta milaka euro ordaindutako bizikletekin errepidea eurena egiten dutenak.
Asteburuetako txirrindulari talde horiek sekulako arriskua dira errepidean. Aisialdiaz gozatzeko eta kirola egiteko dena balekoa bihurtu den honetan, autoan doanarentzat errebuelta baten bueltan zabal-zabal eginda doan txirrindulari taldea topatzea bezalakorik ez dago bihotz taupadak azkartzeko. Salbu, ematen duenez, greban, bajan edota euren soldatak nola igo pentsatzen ari diren ertzainentzat. Haientzat ez dirudi hori arreta jartzeko moduko kontua denik.
Hutsa, errepide zuzenak eta ikusgarritasun onekoak bagenitu. Ziztu bizian doan sugearen sigi-sagaren parekoak dira gure errepideak, A8 autopista eta autobideak barne. Beldurra ematen du larunbat eta igande goizetan autoa hartzeak. Ematen duenez, bizikleta zale horiek siesta egin zale dira, eta arratsaldeetan bake gehiago dago errepideetan, baina tentuan ibili behar hala ere. Ez da txantxetarako kontua.
Gainera, errepideetan ez ezik, mendietan ere ez dira gutxi ugaritu bizikletak. Motorra beti izan da lagungarri gizakiarentzat, eta mendiko aldapak igotzeko ere, badirudi gozagarri direla bizikleta elektrikoak.
Bada, argi dago modako kirola bihurtu dela txirrindularitza, eta horrekin justifikatuko dituzte Tourraren harira egindako inbertsioak eta eragindako gorabeherak. Baina zilegi al da txirrindularitza modu honetan sustatzea egunerokotasunean bizikletaz ibiltzea ia ezinezkoa den herrian?
Otsailaren 20an, Ahoztar Zelaietak Hordago-El Salto hedabidean argitaratuko artikulu batean irakur zitekeenez, Bilbao Ekintza tokiko erakundeak 7,2 milioi euroko kanona ordaintzea onartu zion Frantziako Tourraren antolaketaz arduratzen den Amaury Sport Organisation elkarteari (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko aldundiak eta Bilboko Udalak ordaintzekotan).
Horri guztiari euskal erakunde publikoek beren gain hartu dituzten antolaketa gastuak gehitu behar zaizkio: 4,8 milioi euro, alajaina! Beraz, gutxienez, 12 milioi euro kostatu da Tourra Bilbotik ateratzea ahalbidetu duen ikuskizuna.
Zenbat bidegorri egin daitezke dirutza horrekin? Zenbat auzo eta herri molda daitezke bizikletaz ibiltzeko milioi euro horiekin guztiekin? Txirrindularitza bide bazterretik bizitzea baino, ez al da zentzuzkoagoa eta osasuntsuagoa gure herri eta auzoetan bizikletaz lasai eta eroso ibiltzea?
Egunerokotasunean bizikletaz ibili nahi eta ia bizitza arriskuan jarri behar dugunok halako turrada jasan beharra ere…