ANALISIA

Ikusezin ezinbestekoak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola Garate 2026ko abuztuaren 24a

Pertsona bat arraunak ondo jartzen. (Guka)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. 11. iritzia Aitor Manterola kazetari zumaiarrak idatzi du.

Zer da ba aberatsa euskaldunok arraunaz eta itsasoaz hitz egiteko eta idazteko daukagun hiztegia. Zeinen hitz politak. Zer aberastasun lexiko gauza bat definitzeko, hemen modu batean, eta hemendik hogei itsas miliatara, beste modu batean. Zumaian, trapaia; Ondarroan, erlaxa; eta Bermeon, mekedeki. Eta horrela, zientoka arrain txiki hitz bihurtuta saltoka-saltoka arraunaren, itsasoaren eta euskararen itsasoan.

Garai zaharretara nabigatzen dut itsasoko eta arrauneko hiztegiaren itsasontzian. Han ikusten naiz haiekin hizketan portu zaharren batean, inoiz galdu beharko ez genituzkeen, baina zoritxarrez gehiegi galdu ditugun hitz eta ohitura haien traineruan sartuta. Eta han non ikusten ditudan laguntzaileak eta boluntarioak, orduan ofizioa zen traineruen jiran, eta gerora kirol bihurtua daukagun honen biran.

Bada, hiztegi aberats honek badu bete gabeko lerro bat. B hizkiaren sailean, hain zuzen ere. Ez da ageri boluntario izenik, eta azaldu egin beharko luke. Letra larriz azaldu ere. Hiztegian ikusezin, eta arraun elkarteetan, ikusten ez den baina hain beharrezkoa eta ezinbestekoa den lana egiten. Edo ikusten dena, baina erakusten ez duguna. Ai kazetariok... zer garen. Erabat begiak, belarriak, burua eta gogoa lehiara bakarrik jarrita, kontakatiluen moldean.

Astinduko naute hiztegigileek eta haien arauek, baina B letraren sailean, inauguratuta geratzen da hemendik bertatik boluntario hitzaren sarrera. Eta astinduko naute, batetik, haien baimenik gabe ari naizelako, eta bestetik eta batez ere, B letrarekin hasten ez diren hitzez osatzera noalako boluntario hitzaren azpiko hitz saldoa.

-Boluntario: musutruk eta maite duen arraun elkartearen alde lan egiten duena mantenuan, zuzendaritzan, gidari, estropadetan ordezkari, edota rifak saltzen.

-Luze eta luza: noiz hasi eta noizko bukatu jarduna boluntarioek. Klubean sartu bai, baina atera ez urte luzez, askoren kasuan. Lanaldi amaigabeak.

-Etzan: traineruaren azpian, motordun itsasontziaren behealdean, furgonetaren sotoan... edonon etzaten dira, hau eta bestea konpontzeko.

-Bila: etxekoak behin baino gehiagotan etxekoaren bila, klubean sartu, lanean hasi eta etxera joatea ahaztu zaiolako boluntarioari. Lan batekin hasi eta derrigor bukatu egin behar duelako, edota bat bukatu eta beste batekin hasi behar duelako.

-Hankak: hanketako lana, eta eskuetakoa, eta burukoa, eta gerrikoa, eta bizkarrekoa...

-Bukatu: nahi bai. Baina inoiz ez da bukatzen boluntarioen lana. Segi eta segi, bila, luze eta etzan. Nahi eta behar den bestetan.

-Beste aldera begiratu gabe: arreta eta ardura erabatekoa. Euskadi Irratiko Tostartean irratsaioko sintoniaren zati batean, honela esaten die patroiak arraunlariei, mehatxuka eta oihuka: "Beste aldera begiratzen duenari jata osti bat emango ziot!". Boluntarioek ez dute horren beharrik: serio-demonio beti lanean.

-Aurrekalari: langintza osotasunean hartuta, lan asko aldi berean egiteko gaitasuna daukate boluntarioek: hau dela, hura dela, hara joan behar dela eta segi ubera amaigabea. Aurrekalariak bezala: arraunean istriborretik, arraunean ababorretik eta arraun txikia sartzen. Edozer.

-Patroi: agintari baino aginduak izaten dira, baina patroirik gabeko trainerurik oraindik ez dagoen bezala, boluntariorik gabe zer lirateke arraun elkarteak? Eta arrauna?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide